euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Elena Martín izango da Etxepare Institutuak Nevadako Unibertsitatean sustatutako Jon Bilbao Katedrako titularra

2025/09/02

Elena Martin da Jon Bilbao 2025 Katedrako titularra Nevada-Renoko Unibertsitatean eta bertan arituko da irail honetan
Elena Martin da Jon Bilbao 2025 Katedrako titularra Nevada-Renoko Unibertsitatean eta bertan arituko da irail honetan

PUBLIZITATEA

Reno, Nevada, AEB. Elena Martín izango da Etxepare Euskal Institutuak Nevada_Renoko Unibertsitatean sustatzen duen Jon Bilbao Katedrako 2025eko ikerlari gonbidatua. Madrilgo Complutense unibertsitatean Arte Ederretan doktoreduna da Elena Martin, Jorge Oteizaren lanari buruzko doktore-tesiaren egilea. 2003tik Oteiza Museoaren kontserbazio-saileko arduraduna da, eta 2017. urtetik Euskal Herriko Unibertsitateko Arte Garaikidearen Kontserbazio eta Erakusketa masterrean irakasle dihardu. Bere ikerketa egonaldia Renon irail honetan zehar garatuko du, Etxepare Euskal Institututik aditzera eman dutenez.

Jon Bilbao Katedraren baitan egingo duen ikerketa-egonaldiaren helburu nagusia, Jorge Oteizaren pentsamendua eta obra sustatu eta zabaltzea izango da, eta ahaleginak bideratuko ditu ezagupen-trukera, euskal artearen ikerketara, eta proiektuen lankidetza eta garapena lortzera Estatu Batuetan. Besteak beste "Jorge Oteiza: helburu eskultorikoa, teorikoa, sinbolikoa eta soziala" izeneko konferentzia eskainiko du irailaren 9an, Nevada-Renoko Unibertsitateko Euskal Ikasketen Zentroan. Horrekin batera Reno Tahoe International Art Show azokan (irailaren 11tik 13) parte hartuko du bertako artearen inguruko mahai-inguru batean arituko da irailaren 12an. Azokan bertan, Oteizaren inguruko ezagutza partekatzea eta erakusketa, argitalpen zein hedapen arooko proiektu bateratuak irudikatzea izango du xede.

Jon Bilbao Katedra UNRn

2014an sortua, Katedraren helburua da euskal diasporari eta euskal kulturari buruzko ikerketa eta ezagutza nazioartean sustatzea eta horretarako lankidetzan jardutea. Katedrak irakasle bisitari batentzako ikerketa-beka antolatzen du, Jon Bilbao Visiting Research Fellow deiturikoa, urtero edo bi urtean behin berrituz. Onuradunak Nevada-Renoko Unibertsitateko Center for Basque Studies-en du egoitza, hori baita euskal diasporari buruzko ikasketetako irakaskuntza eta ikerketa erakunde nagusia AEBn. Egonaldiari lotuta, ikertzaile gonbidatuak ikerketa lanaz gain, zeregin nagusietakoa du ikerketa emaitzen zabalkunde lana egitea nazioartean.



hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia