euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Noel Abella euskaldun uruguaitarraren liburu elebidunaren aurkezpena festa bilakatu zen: obra online irakur dezakezu

2025/09/04

'Hitzen Bidaia' liburuaren aurkezpenean, maite duten lagun asko bildu ziren Noel Abellarekin bat egin eta zorionak emateko
'Hitzen Bidaia' liburuaren aurkezpenean, maite duten lagun asko bildu ziren Noel Abellarekin bat egin eta zorionak emateko

PUBLIZITATEA

Montevideo, Uruguai. Noel Abellaren 'El viaje de las palabras-Hitzen Bidaia' liburu elebidunak egun euskara irakasle montevideotarra dena euskal kulturan murgiltzen hasi zenean bizi izandako pasadizo eta istorioak biltzen ditu, batzuk egiazkoak, beste batzuk fikzionatuak, baina guztiak umore, maitasun eta herriminetik sortuak. “Liburua, berez, Maizpiden sortua da, euskara ikasten ari nintzela barnetegiko irakasle batek Diasporari buruz hitz egiteko eskatu baitzidan, hitzaldi bat ematea; eta ni formala edo tradizionala ez naizenez nire modura egin eta aurkeztu nuen: pasadizo batzuk topatu eta ipuin bat sortu nuen eta gero, ipuinetatik sortu da liburua”, azaldu dio idazleak EuskalKultura.eus-i.

Liburuaren aurkezpena abuztuaren 29an egin zen Montevideoko Haize Hegoa Euskal Etxean. Lagun ugari bertaratu ziren ekitaldira, tartean FIVUko eta hiriko euskal etxeetako ordezkariak, idazlearen lagunak, senideak eta ‘kuadrila’. Ekitaldiari hasiera emateko, aurreskua eskaini eta dantzatu zion Haize Hegoako gazte dantzari batek eta ezuste horrek izugarri hunkitu zuen Noel. Ondoren testu batzuk irakurri zituzten, eta beste lagun batek, Pablo Silveira Artagaveytiak, jarri zuen zuzeneko musika, saioa bere lagun ugariek Noeli eskainitako giro itzelezko maitasun, harrotasun eta adiskidetasun omenaldi bilakatuz.


Ongi merezitako ohorezko aurreskua Noel Abella euskara irakasle eta euskal idazleari


Pablo Silveira Artagaveytia kantariak 'Belaunaldiak' (sic) bere kantu berria estreinatu zuen bertan


Montevideoko euskal etxeetako eta oro har euskal komunitateko hainbat lagun euskaltzale bilduta

Eta liburuaren hazia Euskal Herrian bertan sortu zen bezala, aurkezpenak ere izan zuen sustapen politik Euskal Herritik. Izan ere, aurkezpen ekitaldira hurreratzeko gonbitea sare sozialetan mugitu zen hango artista eta kultura ekile batzuen eskutik eta bat-egite eta gonbite bideoak egin eta zabaldu zituzten, esaterako, María Goiricelayak (antzerki zuzendaria), Jon Frescok (Ken Zazpi-ko bateria jotzailea) eta Manu Bendalak (bertsolaria), besteak beste. Adibide gisa, Maria Goiricelayak zabaldu zuena:


Maria Goiricelaya

Baina Noel ez dago batere geldirik. Datozen asteetan, liburuaren aurkezpenarekin jarraituko du eta irailaren 9an hiriko Irakurketa eta Liburuak Sustatzeko Nazioarteko 18. Azokan hartuko du parte San Josen, antolatzaileek gonbidaturik. Urrian, ostera, Carmeloko, Floridako eta Saltoko euskal etxeetan jendaurretuko du (datak oraindik zehazteke).

Doan lor dezakezu online

Paperezko tirada xumea izan du liburuak, baina formatu digitalean ere badago eta euskarri honen abantailak baliatuko dira euskara eta euskal kulturari buruz interesa duten euskal etxe, euskaltegi eta ikasle eta irakasleek, Euskal Herrian eta Diasporan, nahieran lortu eta erabili dezaten. Liburua hemen klik eginez irakurri edo jaitsi dezakezu.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia