Buenos Aires, Argentina. Lagun ugari bildu zen joan den igandean Loiuko aireportuan XX. Munduko Txapelketan parte hartzera Hego Amerikara bidaiatu zuen Euskal Pilota Selekzioaren agurrean. Eta Loiukoa bezain beroa izan zen Buenos Airesen egindako harrera, Eusko Jaurlaritzako ordezkariak eta bertako euskal gizataldea partaide. Kirol hitzordu honek garrantzi bikoitza du: alde batetik, Argentinan jokatzen den lehena baita, eta, bestetik, Euskadiko Selekzioak estatus ofizialarekin –ez Espainiako selekzioko parte– jokatuko duen lehenengo mundu txapelketa izango delako.
Txapelketa gaur hasiko da eta urriaren 24ra arte luzatuko da. Partida gehienak Club Ciudad de Buenos Aires-en eta CeNARD kirol-guneetan jokatuko dira eta beste batzuk Uruguaiko Colonia del Sacramento-n, bertako San Carlosko Frontoi historiko propio zaharberrituan. Euskadiko eta bi herrialde anfitrioietako selekzioekin batera, honako herrialdeak lehiatuko dira: Bolivia, Brasil, Txile, Costa Rica, Kuba, Ameriketako Estatu Batuak, Espainia, Frantzia, Mexiko, Peru, Portugal eta Venezuela. Modalitateei dagokienez, aukera zabala eskainiko du Txapelketak: zesta-punta, frontballa, frontenisa, esku huska, pala motza, larruzko pelota, gomazko paleta, pilota egokitua eta xarea ikusi ahal izango dira.
Hiri anfrioiek, inaugurazio ekitaldi bana prestatu dute. Buenos Airesen gaur osteguna, 20etan, Cenard kirolgunean; Colonian, berriz, bihar izango da (urriak 16) 19etan. Azken partidak ere egun ezberdinetan jokatuko dira, inork galdu ez ditzan finalak. Coloniako Frontoian urriaren 20an izango dira eta Buenos Aireskoak urriaren 22an, 23an eta 24an, modalitateen arabera. Antolatzaileek jakinarazi dute zaleek gertutik jarraitu ahal izango dutela txapelketa, aurrez aurre, edo Youtube kanal hauetan: Yo Pelotari, Pelota CAP TV OFICIAL eta DeporTV
Harrera Euskal Selekzioari
Villa Mariako Euskal Aste Nazionalean parte hartu eta gero Buenos Airesera iritsi berriak, Eusko Jaurlaritzako lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu Ibone Bengoetxeak eman zien ongietorria Euskaditik etorritako 40 pilotariei eta selekzioko talde teknikoari. Laurak Bat Euskal Etxean egindako zeremonian, Kanpoan den Euskal Komunitatearentzako zuzendari Ziortza Olanok eta Jaurlaritzak Argentinan eta Uruguain duen ordezkaritzako buru Sara Pagolak ere hartu zuten parte, besteak beste Laurak Bateko, FEVAko eta bertako euskal elkarte batzuetako ordezkariekin batera.

Ibone Bengoetxeak lehendakariordeak gogotsu animatu zituen Euskadiko pilotariak (argazkia Irekia)
Ekitaldian parte hartu zuten baita ere Jose Mari Mitxelena Euskal Pilota Federazioko presidenteak eta Xavier Cazaubon Nazioarteko Pilota Federazioko presidenteak, hitz batzuk zuzenduz bildutako euskal kirolariei eta itsasoz bi aldeetatik bertaratutako pilotazale eta lagun guztiei.
- Pilota Argentinako Erakundea Facebooken, Confederación Argentina de Pelota-
- Euskadiko Euskal Pilota Federakuntza Facebooken, Euskadiko Euskal Pilota Federakuntza
- Munduko XX. Pilota Txapelketaren webgune ofiziala, www.mundialbsas2026.com.ar

Lagun bati bidali
Komentarioa gehitu


