Buenos Aires, Argentina. Euskal pilotak hitzordu historikoa izango du laster Rio de la Platan. Urriaren 15etik 24ra, Argentinak eta Uruguaik elkarlanean antolatuko dute 2026ko Munduko XX. Pilota Txapelketa. Hitzordua mugarri garrantzitsua da, nazioarteko lehiaketa nagusia Argentinara itzuliko baita. Hain zuzen ere, hemen sortu zuten Nazioarteko Euskal Pilota Federazioa (FIPV) 1929ko maiatzean; geroztik, zazpi hamarkada baino gehiago itxaron behar izan dute, Donostian 1952an lehen munduko txapelketa jokatu zenetik, antolakuntza-amets hau gauzatzeko. Modalitate hauek jokatuko dira aurtengo edizioan: zesta-punta, frontballa, frontenisa, esku huska, pala motza, larruzko pelota, gomazko paleta, pilota egokitua eta xarea.
Kirol zein instituzio mailan, 2026ko topaketak inoiz ikusi gabeko puntu erakargarriak izango du: Espainiako eta Euskadiko selekzioek bereizita hartuko dute parte eta ehenengo aldiz neurtuko dituzte indarrak honelako txapelketa batean FIPVek Euskadiko Euskal Pilota Federazioa kide gisa ofizialki onartu ondoren. Bi selekzio hauekin batera, herrialde hauetako selekzioek osatuko dute zerrenda: Argentina, Bolivia, Brasil, Txile, Costa Rica, Kuba, Ameriketako Estatu Batuak, Frantzia, Mexiko, Peru, Portugal, Uruguai eta Venezuela.
Lehiaketa Rio de la Plata ibaiaren bi aldeetan gauzatuko da. Buenos Aires izango da egoitza nagusia, eta partida gehienak Club Ciudad de Buenos Aires eta CeNARD kirol-guneetan jokatuko dira. Aldi berean, Uruguaiko Colonia del Sacramento herria azpiegoitza izango da; bertan jokatuko da zesta-punta, urriaren 16tik 20ra, San Carlosko Frontoian. Toki enblematiko hau 1910ean inauguratu zuten, eta berriro dotore jartzeko berritze-lanak egiten ari dira, nazioarteko maila goreneko lehiaketak hartzeko prest egon dadin.
Lagundu nahi boluntario gisa Buenos Airesen?
Antolatzaileek zabaldu dute dagoeneko Buenos Airesko egoitzan boluntario aritzeko deialdia. Parte hartzeko, ezinbestekoa da 18 urte izatea eta txapelketaren webgunean izena ematea. Hainbat arlotan lagundu ahal izango da: logistika eta antolakuntzan, jendearen arretan, prentsan eta komunikazioan, kirol-laguntzan eta itzulpengintza edo hizkuntzetan.
Xehetasun guztiak sarreren salmentari, abonamenduei, egutegiari eta arautegiari buruz Buenos Airesko Munduko XX. Pilota Txapelketaren webgune ofizialean eta FIPVen kanaletan irakur daitezke.

Lagun bati bidali
Komentarioa gehitu


