euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

'Gaixoa ni': Sanferminak bukatu dira Iruñean, gainbegirada Diasporan nola bizi izan dituzten nafar eta euskal etxeetan

2026/07/15

2026ko San Fermin jaia Mexiko hirian
2026ko San Fermin jaia Mexiko hirian

PUBLIZITATEA

Donostia-San Sebastian. Uztailaren 14ko eguerdian abestu zuten Iruindarrek ‘Gaixoa ni’ 2026ko Sanferminei agur esateko. Seguruenik nazioartean oihartzun handiena duen gure jaia da Nafarroako hiriburuan ospatzen dena eta hori dela eta Nafarroatik kanpo ere ospatzen da. Ekitaldiak mota askotakoak izaten dira, dantzak, kantuak eta janari goxoa barne. Eta nola ez, (paperezko) zezenak lehen planoan jartzen dituzten jolasak ere bai.

Bartzelonako Nafarren Etxearen kasuan txupinazoa bota zuten uztailaren 6an bertan eta bederatzi eguneko programa garatu zuten 14ra arte, meza, pilota, Jota Eskolaren eta Etxeko Otxotearen kontzertuak, pintxo lehiaketa ets umeen entzierroa eta jolasak barne. 2026ko San Fermin jaiarekin bukatzeko ‘Gaixoa ni’ abestu zuten egoitzan.

Valentzian txupinazoa bota zuten eta San Fermineko bazkaria antolatu zuten uztailaren 11n euren egoitzan. Mallorcan, ordea, San Fermin Jaia eta ikasturtearen amaiera ospatu zuten ‘Artea’ Euskal Etxeko lagunek Molí de Can Pere Jatetxean. Zozketak egin zituzten eta bildutakoen artean datorren ziklorako lan lerro batzuk hasi ziren mahaigaineratzen.


Bartzelonako Nafarren Etxean giro bikaina sanferminetan


San Fermin eta ikasturte amaierako festa Mallorcan


Lagun ugari, bokata ederral eta musika ordu txikiak arte Sydneyn

Jaiaren epizentrotik oso urrun, Australian hain zuzen, San Fermin Jaia Sydneyko Gure Txoko-n eta North Queensland Basque Club-en ospatu zen. Sydneyn, txupinazoa, bokatak eta jaia; Townsvillen dagoen Euskal Etxean, zezenik ez baina zapi gorri ugari!

Estatu Batuetan, Idahon, Boiseko Euskal Museoa antolatzaile, tradizio handiko Running of the Bars ospatu zuten: Sanfermin giroko trikipoteo baten antzeko ibilbide gorri-zuria egin zuten, euskal musika eta kantuekin, Boiseko Basque Block eta hiri erdiguneko inguruetan. Mexiko hirian, berriz, senidetasun bazkari oso jendetsua antolatu zuten; “animaliekiko errespetu handiarekin”, entzierro sinbolikoa egin zuten peluxezko zezen batekin eta Kilikirekin eta arratsaldean zehar, zezen mekanikoak, bingo musikala eta musa.


Familia giroa eta zapi gorriak Townsvillen 


Txupinazoa 'Casa Vasco Navarra de Antioquia'n, María Mercedes Mateos Larraona zinegotzia lagun


Ospakizun afaria Liman, 2026ko Sanferminak ospatzeko

Kolonbiako "Casa Vasco Navarra de Antioquia"k joan den uztailaren 10ean ospatu zuen hiriko jatetxe batean. Txupinazoa botatzeko Medellinen zinegotzi izan zen Zallan (Bizkaia) jaioa den María Mercedes MateosLarraona gonbidatu zuten antolatzaileek. Bazkariaren ostean ‘Los Txakoli’ musika banda jo zituen nafar kanta tradizionalenak.

Limako Euskal Etxeak ostegun afarira deitu zuen sanferminak ospatzeko. “Euskal kulturak berriro ere batu gaitu” adierazi zuten euskal etxe perutarreko lagunek, pintxo ederrak eta afalosteko kantez gozatu ondoren.



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia