Mexiko Hiria, Mexiko. Uda aurrera doa eta Mexiko Hiriko Euskal Etxeak ez du atsedenik hartzen. Uztaila bizi-bizi ari da izaten, batetik urtero bezala hilabete hasiera Sanferminen garaia delako eta aukera dutelako entzierroak distanzian baina aldi berean (eta teknologiari esker) gertu-gertutik jarraitzeko. Bere kide eta lagunen artean multzo handi bat nafarrak dituen erakunde honek bat egiten du urtero gogo eta izpiritu sanferminzalearekin, eta aurten ere festa ederra antolatu zuen, larunbatez, uztailaren 5ean, musika, kantuak, bazkaria, txikienentzako jarduerak eta baita 'entzierro' batekin ere, EE inguruko kaleetan barrena (kronika honetan eman genuen horren berri).
San Fermin giroa gogoz eta gotor bizitzea ez da ordea oztopo izan beste euskal kultura adierazpen batzuk ere gogo biziz segitzeko eta halaxe suertatu da euskal musikariek tarte honetan hiriburu mexikarrera egin dituzten bisitekin, Euskal Etxea, bere helburu, izaera eta sentipenei jarraituz, lagun eta osterakide izan baitzaie. Hala, Euskal Etxeko kide eta lagun multzo bat Izaro abeslari mallabiarrak joan den igandean, uztailaren 13an, hiriko Tonal aretoan ‘Cerodenero’ albuma aurkeztuz emandako kontzertura hurreratu zen, artistaren bira latinoamerikar labur bateko azkena, aurretik Santo Domingotik (uztailak 10) eta Guatemala Hiritik (uztailak 11an) pasatu ondoren.
“Aurrekoetan ez bezala, oso bira oso laburra zenez, ezin zuen oraingoan Euskal Etxera etorri, beraz guk ‘gure etxea’ eraman genion kantaldira”, adierazi dio EuskalKultura.eus-i Iñigo Bilbao Euskal Etxeko Lehendakariak. “Izarok berak eta bere taldeko kideek biziki eskertu zuten sorterritik horren urrun jasotako harrera, eta guretzat luxu bat izan zen berriz ere berarekin momentu batzuk partekatu ahal izatea”, esan digu hernaniarrak.
Nokonok bere 'Pozarren' diskoa aurkeztu zuen joan den larunbatean Mexikoko Euskal Etxean
Kaleko Urdangak bergararrak Mexiko Hirira helduko dira lehen aldiz, Mexiko eta AEBko biran
Bezperan, larunbatez, Nokono izen artistikopean ezaguna den Asier Mendizabal donostiarraren kontzertua abegikotu zuen euskal etxe mexikarrak. Ipar Amerikako herrialde honetara helduta, kantautoreak folk-pop estiloko ‘Pozarren’ bere azken diskoko kantuak jendaurretu zituen Euskal Etxean, emanaldian euskal abesti klasiko batzuk ere taularatuz, gitarrak lagunduta.
Baina opor garaia bada ere, bada gehiago hiriburu mexikarreko euskal musika udan. Mexikoko Euskal Etxeak Kaleko Urdangak bandak hiriburuan eskainiko duen kontzertura gonbidatu du, abuztuaren 16an, Gato Calavera aretoan, taldeak herrialdera egingo duten aurreneko bisitan. 2010ean Bergaran sortutako Kaleko Urdangak-ek ‘Haria eten ez dadin’ bere lan berria aurkeztuko du Estatu Batuetan eta Mexikon egingo duen biran, abuztuan zehar. Informazio gehiago, hemen.