Donostia-San Sebastian. Euskal jaien artean gutxi dira sanferminak bezain jendetsu eta nazioartekoak. Uztailaren 6tik aurrera ehun milaka lagun biltzen dira Iruñean, jatorri ezberdinetakoak munduan eta motibo desberdinek erakarrita: batzuek zezenen aurreko adrenalina bizi nahi dute; beste batzuek, berriz, jai giroa dute gustuko. Zezenak eta jai giroa ardatz edo aitzaki, Diasporan ere ospatzen dira Sanferminak. Eta herrialde askotan euskal etxe eta nafar etxeetako kide eta lagunak zuriz eta gorriz jantzi eta batera edo bestera ospatzen dute jaia. Hona Diasporako ospakizunen lagin txiki bat.
Shanghaiko Euskal Etxeak, festa Shang Fermin izenarekin bataiatuta ospatu zuen, bere egoitzara biltzera gonbidatuta, uztailaren 12an. Talde polita bildu zen eguerdi aldera pintxo eta edari batzuk partekatzeko eta eguneko entzierroa zuzenean telebistaz ikusteko. Egun berean, Sydneyko Gure Txokoko kideek paella erraldoia prestatu eta partekatu zuten, 2025eko San Ferminak ospatzera hurbildu ziren lagunekin, jantzi eta lepoko aproposekin eta musika eta kantu egokiak lagun.
Bartzelonako Nafarren Etxea elkarteak, eguraldia lagun, egun osoko ekitaldia egin zuen. Proposamenak adin guztietako kideentzat eskaini zituen: tortilla lehiaketa, bingo musikala, kontzertua, entzierro txikia…, lekua ere eginez, urtero 'San Fermin Txapelketa' izenpean antolatzen duen eskola adinetako pilota gazteentzat, aurten ekainaren 14tik uztailaren 5era. Molde berean, Espainiar Estatuko ia nafar etxe guztiek ere antolatu dituzte jai-programak, urteko ospakizunik oihartzuntsuena duten honetan.
Bartzelonako Nafarren Etxea Elkartearen ospakizuneko bi irudi
Caracasen ere izan ziren zezenak —kasu honetan ohi bezala egiazko bigantxak— protagonista izan ziren, baina ez protagonista bakarrak. Izan ere entzierroa korritu zen Eusko Etxearen kanpoaldean, baina programak bildu zituen ere txupinazoa, kirolak, kanta eta dantza, eta baita pintxo ederrak ere. Ikus bertako festako bideoa hemen. Mexiko Hirian ere ospatu zuten areto bete-betean, 'zezenak' eta guzti, baina kasu honetan, bizikleta gaineko adarrak ziren. Honek, dena den, ez zien ez, batere emozio eta ilusiorik kendu txikienei. Senidetasun bazkariak bertako euskal familia euskal-mexikarretako kideak eta Mexikon lanean edo ikasten dauden Euskal Herriko hainbat gazte ere bildu zituen, antolatzaileek hartutako lan ugariei sari egokia emanez, Sanfermin giro animatuan.
Lagun ugari Mexikoko Euskal Etxeko 2025 Sanferminetan, zezen mekanikoa, santuaren irudia...
Mexikoko zezenak ez ziren agian hain beldurgarriak, baina emozio ederrak ekarri zizkieten korrikariei
Estatu Batuetatik ere, egin zuten bat Sanferminekin eta uztailaren 12an, esaterako, "Running of the Bars" izeneko hitzordua egin zuten Boisen, zurrigorriz jantzita, poteoa eta zuzeneko musika barne, eta dantza biribilak dantzatuz hiriko Basque Block-eko kaleetan. Perun, Trujilloko Euskal Etxeak bazkari ederra antolatu zuen Sanfermin zaleak biltzeko, eta elkarteko lehendakariak festen historia eta izaera aurkeztu zien bertaratutakoei, bazkari gustagarri bati ekin aurretik.
Argentinako Euskal Etxeek ere ez zuten euskal jai ezagunena ospatzeko aukera galdu eta mota askotako programa eta ekitaldiak antolatu zituzten, batzuk zenbait egunetakoak, beste batzuk egun bakarrekoak, gehienetan txupinazoa eta jota eta sanfermin kantuak nagusituz. La Platako Euzko Etxeak, adibidez, kalean hasi zuen jaia plaza dantzekin eta ondoren egoitzako areto nagusian jarraitu, bazkari eder batekin. Beste herri batzuetan ere nagusitu ziren Sanferminetako koloreak, tartean Tres Arroyos, Trenque Lauquen, Rosario, Concepción del Uruguay, Bahia Blanca, Comodoro Rivadavia, Mendozan, San Nicolas…
La Platako Euzko Etxeko plaza-dantzak eta txupinazoa egoitzako balkoitik
Argentinatik atera gabe, Rosario da bertan, Buenos Aires, Bolivar eta Mendozarekin batera, Nafarroako Etxeak dituen herrietako bat, eta nafar etxe santafetarrak, urteroko ohiturari jarraituz, txupinazoarekin hasi eta Iruñean jaiako programak biltzen dituen osagaietako asko erreplikatu zituen hiriko kaleetan edo bere egoitzan, hala nola San Fermin prozesioa, peña eta herri bazkariak, dantzak, kalejirak, erraldoi eta buruhandiak eta, jaiari azken agurra emateko, ‘Gaixoa, ni’. Buenos Aires, Bolivar eta Mendozako Nafarroako Etxeek ere garatu zituzten euren programak. Buenos Aireskoan ere, esaterako, urtero bezala harro kaleratzen euren erraldoi eta buruhandiak, aipatutako osagaiekin eta pilota txapelketarekin.
Zenbait irudi Rosarioko Nafarroako Etxeko San Fermin festen adierazgarri, erraldoiak eta txupinazoa
Beste euskal etxe batzuek uztailean barrenago egingo dituzte euren San Fermin festak; Montevideoko Euskaro Euskal Etxearen kasua da, adibidez, datorren iganderako, uztailaren 20rako, egin baitu bere deialdia; eta Pergaminoko Lagun Onak-ek, berriz, bezperarako, datorren larunbaterako. Mendozako Nafarroako Etxeak, azkenik, astebete beranduagorako egin du bere deia, uztailaren 27rako, Luján de Cuyon.
. Elkarte uruguaitarrak uztailaren 20an egingo du San Fermin bazkaria.