euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

2025eko bere lehenengo pintxo potea gogotsu egin ostean, Shanghaiko Euskal Etxea "Shang Ferminak" ari da prestatzen

2025/06/11

Shanghaiko Euskal Etxeak hilero antolatu nahi ditu Pintxo Poteak (argazki batzuk artxibokoak dira)
Shanghaiko Euskal Etxeak hilero antolatu nahi ditu Pintxo Poteak (argazki batzuk artxibokoak dira)

PUBLIZITATEA

Shanghai, Txina. Shanghaiko Euskal Etxeak aurtengo bere aurreneko Pintxo Potea egin zuen joan den ostiralean. "Eta oso ondo atera zen". Guztira 15 bat lagun bildu ziren EEko lehendakari Jon Zabalak berak prestatutako pintxoak dastatzera. Topaketa aitzaki bikaina izan zen jatorri askotako lagunekin biltzeko. Izan ere Shanghain bizi den euskal gazte profesional taldeska polita bildu zen, tartean gipuzkoarrak, bizkaitarrak eta nafarrak, baina pintxoek katalan, brasildar eta italiarren bat ere erakarri zuten, lagun eta bazkide txinatarrez gainera.

“Asmoa pintxo poteak hilero egitea da, hau lehen saiakera izan da eta oso ondo atera denez, eutsiko diogu”, adierazi dio EuskalKultura.eus-i Euskal Etxeko lehendakariak. “Gutxi gelditzen da uztailaren 7rako eta Euskal Etxearen ohiturari jarraituz, Sanferminak ere ospatuko ditugu –‘Shang Ferminak’ izenarekin–, eta ondoko hilabeetan Bazkide Eguna eta urte azkenean Santomas jaia”, iragarri digu Txinan sei urte daramatzan eta 2024 amaieratik EEko buru den bergararrak.

Maritxu Kajoi

Hauek urtero egiten dituzten elkarrateratzeak dira, baina hitzordu gehiago ere ari dira prestatzen. Txinako hiri handienean euskal kulturaren ikurra mantendu eta zabaltzea, eta euren lagun txinatarrak gonbidatzea, eta libertitzeko eta antolatzeko euskal moduak bertan ere praktikatzeko asmotan, Euskal Etxea hasia da urteko bigarren parteko topaketak planifikatzen, eta tartean, zalantzarik gabe, Shanghaiko euskal komunitatean tradizio handia duen ‘Maritxu Kajoi’ festa arrasatearra ere egongo da.

- Shanghaiko Euskal Etxea Instagramen, shanghaiko_euskal_etxea



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia