Buenos Aires, Argentina. Euskal Echea Ikastetxeko literatura irakasleek gonbidaturik, Andrea Braverman idazle argentinarra bertako ikasleekin solastera hurbildu zen joan den ostiralean, ekainaren 6an, Lo que cabe en una valija ("Maleta batean sartzen dena") gazteentzako bere eleberria hizpide. DBHko bigarren mailako 50 bat ikasle bildu ziren idazlearekin Eskolako auditoriumean eta mota askotako galderak egin zizkioten, birramona bilbotar eta nerabe argentinar baten arteko harremanean sakontzen duen nobela honi buruz.
“Neska-mutilak liburua irakurrita etorri ziren eta argumentuari buruzko galdera asko luzatu zituzten, baina batez ere jakin nahi zuten –nerabeek askotan galdetzen duten gauza da– nobelak zerikusirik al duen neure istorioarekin”, azaldu dio Braverman-ek EuskalKultura.eus-i. “Esan nien pasarte laburtxo batean baietz [Engracia birramona bilbotarrak ileapantzailea izan nahi eta nebak uzten ez dionean] neure amari antzeko zerbait gertatu bazitzaion, baina orokorrean ez, kontatzen dudan istorioa ez dela nirea”.
Idazleak aitortzen du ikasle batek esandako zerbaitek asko hunkitu zuela. "Esan zidan ez zaiola irakurtzea gustatzen, irakasleek behartzen dutelako irakurtzen duela, baina nobela honek harrapatu egin zuela eta irakurtzen jarraitzeko gogo handia eman diola. Hori da idazle bati esan ahal diozun gauzarik politena; irakurtzea gustatu eta irakurtzen ongi pasatzen baduzu, ederki baitago, baina irakurtzea ez gustatuta gustura irakurtzea… hori izugarri polita da”, hausnartzen du. Mintzaldiaren ostean, liburuak sinatu zizkien Andreak ikasleei.
Bigarren partea
Quipu argitaletxe argentinarrak 2023an kaleratu zuen liburuak oso erantzun ona lortu zuen publiko orokorrari dagokionean, baina baita euskal gizataldean ere. Karia horretara argitaletxeak bigarren parte baten aldeko apustua egin zuen. Maleta batean sartzen denak Sol neska protagonistaren bizitzako momentu jakin bat jorratzen du bigarren maila ari da amaitzen Buenos Airesen eta amak Argentina uztea erabaki du. Tarte horretan nerabeak Engracia bere birramona bilbotarraren egunkari intimoa topatuko du eta bien arteko ‘elkarrizketa’ moduko bat sortzen da, maitasun kontuak, erbesteratzea eta sekretu batzuk barne.
Bigarren zatian Solen eta Engraciaren arteko ‘elkarrizketa’ horrek jarraituko du –orain gutun batzuen bitartez– eta "Sol izango da bidaituko duena amonari egindako promesa betetze aldera”, aurreratu digu idazleak. Nobelak ez du oraindik kaleratze data finkatu, baina bai esan dezakegu edizio fasean dagoela dagoeneko.
- Liburua salgai da Argentinan, hemen
- Idazleari buruzko informazioa, hemen