Córdoba, Argentina. Oraingoan Katixa Agirre euskal idazlea partaide, Cordobako Gerora Euskal Elkartea antolatzaile duen "Diasporak Euskal Herria irakurtzen (eta idazten du)" solasaldi zikloaren bigarren topaketa burutuko da ekainaren 28an, larunbatean. Mintzagai izango duten Agirreren "Amek ez dute" liburuan, gonbidatuak amatasunaren eta sorkuntzaren arteko harremanaz hausnartzen du, Sylvia Plath eta Doris Lessing idazleekin hitz eginez. Eleberria 2018an argitaratu zen, eta dozena bat hizkuntzatara itzuli da geroztik. 2024an, "Salve María" izenpean eta Mar Collek zuzenduta, katalanez egindako zinemarako egokitzapen bat estreinatu zen, drama eta thriller psikologikoa. Topaketa Katixa Agirrerekin online izango da, meet plataformaren bidez, 16:00etan, ordu argentinarra, 21ak Euskal Herriko ordua.
Online segitu ahal izango duzu solasa Katixa Agirrerekin, Geroraren "Diasporak Euskal Herria irakurtzen (eta idazten du)" zikloko bigarrena, izena hemen emanez
"Ama batek bere ume bikiak hiltzen ditu. Beste emakume bat, nobelaren narratzaile eta protagonista, bere haurra erditzear dago. Bat-batean ohartu da ezagutzen duela ama hiltzaile hori, eta haren ekintzarekin obsesionatzen da. Lan-lizentzia eskatzen du, baina ez hazteko, sortzeko baizik. Krimenaren atzean ezkututako egia ikertzeko eta idazteko. Amek ez dute inoiz idatzi. Amek bizia ematen dute. Nola izan daiteke emakume bat, bere seme-alabei jaramonik ez egiteko gai? Nola hiltzeko gai?”, galdetzen du kronika eta saiakera uztartzen dituen nobel honek.
Katixa Agirre Miguelez euskal idazlea da, eta 1981ean jaio zen Gasteizen. Ikus-entzunezko komunikazioan doktorea da, eta EHUn alor horretako irakasle. Bereak dira 'Sua falta zaigu' (2007) eta 'Habitat' (2009) ipuin bildumak; eta 'Paularen seigarren atzamarra', 'Ez naiz sirena bat, eta zer?' eta 'Patzikuren problemak' haurrentzako liburuak argitaratu ditu. Noticias de Alava, Deia, Aizu! eta Argian zutabegile izan da. Orain hamar urte argitaratu zuen bere lehen eleberria, 'Atertu arte Itxaron?' (Elkar, 2015), 111 Akademia saria jasoz. 2018an bigarrena, 'Amek ez dute' lan arrakastatsua iritsi zen eta, 2022an, 'Berriz zentauro'.
Euskal etxeak eta euskal kultura garaikidea
Gerora Elkarteko lehendakari Agustina Madarieta, Zuleika Esnal idazlearekin solasaldi zikloko lehen topaketan
"Askotan euskal etxeetan Euskal Herriaren adierazpen kultural historiko eta ikonikoak berreskuratzen ditugu. Hori mundiala da, gure ondare kulturala zaintzearen parte da. Baina egia da, baita ere, gaur egun jende asko ari dela euskal literatura idazten, musika, zinema eta antzerkia euskaraz egiten. Ildo horretan, ideia ona iruditu zitzagun Euskal Herria nazioarteko jaialdietan ordezkatu duen eta literatura garaikidean leku garrantzitsua duen idazle gazte batekin elkarrizketa bat partekatzea", azaldu dio Gerora elkarteko presidente Agustina Madarietak EuskalKultura.eus-i.
Ekainaren 28an, larunbatean, Katixa Agirreren solasaldian parte hartu nahi dutenek formulario hau betez gero, bilerara sartzeko datuak jasoko dituzte.