euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Bengoetxea lehendakariordea, politika, euskara eta liburutegiak osagai larunbateko gaualdiaren atarian Villa Marían (VI)

2026/10/19

Bengoetxea lehendakariordeari eta Eusko Jaurlaritzako agintariei harrera egin ondoren, Liburutegien topaketa eta Mintzodromoa barne hartu zituzten jardueren ostean, EANeko partaideek Kostaneran bat egin zuten gaualdira joateko
Bengoetxea lehendakariordeari eta Eusko Jaurlaritzako agintariei harrera egin ondoren, Liburutegien topaketa eta Mintzodromoa barne hartu zituzten jardueren ostean, EANeko partaideek Kostaneran bat egin zuten gaualdira joateko

PUBLIZITATEA

Villa María, Argentina. Euskal Aste Nazionaletan ohi denez, larunbat goiza kultura, informazio eta eguneratze bilera egitarau zabal batekin hasi zen urriaren 10ean Villa Maríako Euzko Etxearen egoitzan zein Sociedad Ruralen. Bertan, Emilia Zugasti etxeko ordezkariak harrera egin eta jardunaldia abiatu zuen. FEVAko zuzendaritzako kideek esker ona adierazi zioten Eusko Jaurlaritzaren ordezkaritza ofizialari. Espedizioko buru Ibone Bengoetxea lehenengo lehendakariordea egon zen, eta berarekin batera Kanpo Harremanetarako eta Euskadi Globaleko idazkari nagusi Ander Caballero, Kanpoan den Euskal Komunitatearentzako zuzendari Ziortza Olano Astigarraga eta Euskadiren Argentina eta Uruguairako ordezkari Sara Pagola Azpiri. Bileran "FEVA Gazte" egitasmoa ere aurkeztu zen, euskal etxeetan belaunaldi berrien protagonismoa indartzeko asmoz, eta Euskal Herriko alderdi politikoetako ordezkarien hitzak entzuteko aukera egon zen: EAJren aldetik Kanpo Harremanetarako burukide  Miren Martiarena Barkaiztegik eta Naiara Bedialauneta Bilbao legebiltzarkideak hartu zuten hitza; EH Bilduren aldetik, berriz, Edurne Benito del Valle legebiltzarkideak eta Diasporarako idazkari Beñat Azkargortak.

 
Bildu eta EAJko ordezkariak, eta FEVAko arduradunak

Denbora berean, Euzko Etxearen egoitzako jarduerek ez zuten etenik izan: Euskal Selekzioko pilotarien esku huskako erakustaldiko bigarren partida gauzatu zen, abesbatzen entsegu orokorra egin eta liburutegien topaketa burutu ziren, azken honetan hamabi elkartek bertatik bertara hartu zuten parte eta beste hiruk, online. Halaber, Sociedad Ruralen, mintzodromoak elkarrizketa eta giro eder paregabea bildu zituen.

 
Euskal etxeetako euskara ikasleek, irakasleek eta euskaltzaleek Mintzodromoan hartu zuten parte

 
Ibone Bengoetxea lehendakariordea Diasporari mintzatu zitzaion Argentinara egindako lehen bisitan 

Bazkalostean, Ibone Bengoetxeak hitzaldia eskaini zuen herrialdera egindako lehen bisita ofiziala zuen honetan. Bertan, Eusko Jaurlaritzaren balioak, euskararen tokiko, Europako zein mundu mailako egoera, Diasporaren ekarpena eta euskal exekutiboaren gaur egungo nahiz etorkizuneko erronkak izan zituen hizpide. “Nire lehen Euskal Aste Nazionala da eta etxean nago. Hemen, Villa Marían sentitu dut euskal komunitate bat dagoela, Euskal Etxea bizirik dagoela, eta bizirik dagoela hemen dauden pertsonen indarra eta konpromisoari esker, belaunaldiz belaunaldi mantendu dutelako, eta horixe bera da behar duguna”, azpimarratu zuen lehendakariordeak EuskalKultura.eus-i egindako adierazpenetan.

 
“Gernika en Argentina...” liburua aurkeztu zuen Josu Legarretak Alberto Irigoyenekin batera

Arratsaldeko tartean, "Gernika en Argentina. Expandiendo el fruto" liburuaren aurkezpena egin zen, Alberto Irigoyen eta Josu Legarreta egileen eskutik. Saioari amaiera hunkigarria emanez, hizlariek eta bertaratutakoek bat egin zuten Gernikako Arbola elkarrekin kantatuz. Egunari bukaera emateko, partaideen multzo handia Kostanera Etorbiderantz joan zen, Danborradako upel eta danborren doinuei jarraituz Udal Anfiteatrorainoko bidean, bertan hasiko baitzen ohiko jaialdi artistikoa.

(segituko du)



hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia