euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Shanghaiko Euskal Etxeak Santomasak ospatzeko asmoa du, abenduaren 18an, "sagardoa eta txistorra barne"

2021/11/25

Shanghaiko Euskal Etxeko 'Tortilla Txapelketa'
Shanghaiko Euskal Etxeko 'Tortilla Txapelketa'

PUBLIZITATEA

Shanghai, Txina. Eragin handia izan du pandemiak baita Shanghaiko Euskal Etxean SEE ere eta, hala ere, edo agian, horregatik, gero eta garrantzi handiagoa hartu dute Elkarteak antolatzen dituen ekintzek bertan dauden euskaldunentzat. Horregatik bizkor jarraitzen dute Euskal Etxeko arduradunek, eta datorren hitzordua abenduaren 18rako iragarri dute, San Tomas ospatzeko. “Shanghain lortu dugun sagardo burbuiladun frantses batekin eta Txinan bertan egiten den txistorra moduko batekin ospatuko dugu”, adierazi dio EuskalKultura.eus-i Shanghaiko Euskal Etxetik Ikerrek.

Hau ez da izan azkenaldian Euskal Herriko ohiturak gogoan izateko SEEk antolatutako ekintza bakarra. Izan ere, joan den asteburuan ‘Tortilla Txapelketa’ egin zuten eta 25 bat lagun bildu ziren tortilak dastatu, ebaluatu eta saritzeko. “Hamalau bat tortilak hartu zuten parte. Bildu ginenen artean, batzuk Euskal Etxeko bazkideak dira eta beste batzuk bertako lagunak. Euskal Herriko jendea batik bat, baina baita Katalunia, Andaluzia eta Espainiako beste leku batzuetakoak ere. Irabazlea Martin gasteiztarra izan zen, nahiz eta Arabako patatak ez lortu”, azaldu du EEko erreferenteak.

Txapelketaz gain, aurten ‘Shang Ferminak’ eta ‘Maritxu Kajoi’ festa arrasatearra ere ospatu dituzte. Eta mendi txangoak ere egin. “Pandemia garaia bereziki gogorra egin zaigu, nahiz eta Txinan bertan bizitza ‘normala’ egin zitekeen”, azaltzen du Ikerrek. “Gutako asko ez gara bi urtetan bueltatu Euskal Herrira ezta Txinatik atera ere. Gogorra egiten da hainbeste denboran etxera bueltatu ez izana,” baitesten du.

“Eta hortxe Euskal Etxeak garrantzi berezia izan du. Bertan biltzea da Euskal Herrian egongo bagina bezala sentiarazteko moduetako bat, EEko ekintzen eta elkarretaratzeen bitartez da. Hala ere, gero eta kanpotar gutxiago dago Txinan, jendea badoa ezin duelako egoera honekin jarraitu, eta ez da jende berria etortzen, beraz ez da erraza”, hausnartzen du gazte ordiziarrak.

Shanghaiko Euskal Etxea Instagramen, shanghaiko_euskal_etxea


Argazki galeria



« aurrekoa
hurrengoa »

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia