Paris, Frantzia. Berrehun bat lagun bildu ziren joan den urriaren 4an Pariseko Euskal Etxearen 70. urteurreneko festan parte hartzeko. Eguneko programa goizean hasi zen, meza hunkigarri batekin, eta gaua arte luzatu zen erromeria giro bikaina lagun. Mezari dagokionez, Baptiste Pochulu abadeak eman zuen, euskaraz. Euskal Etxeko Gazteria Dantza Taldeak aurreskua dantzatu zuen eta Paris bertako Anaiki koruak musika jarri zion zeremoniari.
Meza bukatuta artistek arreta guztia berreskuratu zuten. Gazteria Dantza Taldeko kideek dantza ikuskizuna eskaini zuten, Erlaitz Taldeak lagundurik, txalo eta esku-zarta beroak jasoz publikoaren aldetik. Aperitifaren ostean 160 lagunek urteurreneko bazkariaz gozatu zuten, ezinbesteko kantu herrikoi inprobisatuak ere, ahotsa ederrek kantatuak, programako parte idatzi gabea zirela eta bazkalondoan, Gernika taldea aritu zen jendearen gogoa alaitzen, Etxalartik iritsitako musikariekin batera.

Eskual Etxeko zenbait agintari ohik hartu zuten parte mahai-inguruan. Ezkerretik Eskuinera: Jean-Marie Guezala, Laure Petiet, Allande Boutin, Maryse Lartigue eta Juan Salazar Fagoaga

Pariseko Eskual Etxearen historia jasotzen duen argazki eta bideo erakusketa
Eguerdia pasata, "Pariseko Euskal Etxea, 1956tik gaur arte; eta bihar?" hitzaldia eskaini zien Argitxu Camus Etchecoparrek bildutako lagunei. "Oso hitzaldi interesgarria izan zen; jendeak ezagutu ahal izan zituen Eskual Etxearen hasierako urteetako istorioak eta galdera ugari sortu ziren", azaldu dio Arlette Ocafrainek EuskalKultura.eus-i. Garai ezberdinetako lau lehendakari eta lehendakari ohi bildu zituen mahai-inguru bat ere antolatu zuen EEak, geroz hizpìde; eta elkartearen historiari buruzko ekintzak osatzeko, argazki eta bideo erakusketa ere bisitagai egon zen egun osoan.
Gazteria Dantza Taldea 70. urteurren jaian
Arratsaldean dantzatzeko gogoa ez zen batere apaldu gonbidatuen artean, oraingoan Mikel Perez musikaria akuilatzaile. Biolin-jotzaile lapurtarra 2012. urtetik da Euskal Etxeko kide eta Gazteria Dantza Taldeko zuzendaria den Hervé Trinquetek luzatu zion gonbite berezia urteurren jaian erromeria girotzeko. “Hasieran Hervék erakustaldi moduko bat egin zuen jendeak dantzak ezagutu eta dantzen berri izan zezan. Eta ondo asko egon zen; izan ere anitz jende atera zen dantzatzera. Giro bikaina lortu genuen jaia bukatu arte. Ni oso gustura geratu nintzen eta Eskual Etxearen esanetara geratuko naiz beste batean ere jotzeko, arduradunek hala nahi badute”, baitetsi dio gure buletinari gaur egun Parisen bizi den Mikel Perez baionarrak.

Egun Parisen bizi den Mikel Perez musikari lapurtarrak animatu zuen arratsaldeko dantzaldia
“Egun ederra pasatu genuen doaike, bazkarirako sarrerak agortu egin ziren –maleruski pertsona batzuk kanpoan geratu ziren– eta eguna memorioan gordeko ditugun unez beteta egon zen. Horien artean, bazkarian bertan Nahia Etcheverry-Lopepe eta Johane Larre bertsolariek urteurrenari eta Diasporari buruzko bertsoak bota zituztenean. Dena bikain atera zen eta poz-pozik gaude”, jakinarazi zigun Ocafrainek.
- Pariseko Eskual Etxea Instagramen, maisonbasque.paris

Lagun bati bidali
Komentarioa gehitu


