euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Rosarioko Zazpirak Bat-ek lekukoa hartu dio Villa Mariari 2026ko Euskal Aste Nazional arrakastatsuaren ostean

2026/10/14

Villa Mariako Euzko Etxeko dantza taldea, plaza dantzen ondoren, 'Guillermo Evans' udal kiroldegiaren aurreko parkean
Villa Mariako Euzko Etxeko dantza taldea, plaza dantzen ondoren, 'Guillermo Evans' udal kiroldegiaren aurreko parkean

PUBLIZITATEA

Villa María, Argentina. Euskal Aste Nazionalaren beste edizio bat bukatu da Cordobako Villa María hirian, Euzko Etxeak bere zortzi hamarkadako historian antolatutako bosgarrena. Azken aldiz anfitrioi lanak egin zituenetik 13 urte igaro direnean, eta pandemiak bere garaian bertan behera utzitako txanda berreskuratuz, mila lagun inguru izan ditu ekitaldiak partaide asteburuan zehar egindako hamaika jarduera eta proposamenetan.

Jaialdiak Argentinako 40 euskal etxetako kideak bildu ditu, Uruguaiko elkarteen partaidetza esanguratsuarekin eta Brasil zein Peruko euskal ordezkariak ere bertaratuta. Euskal Herritik ere ordezkaritza instituzional zabala bertaratu da, Eusko Jaurlaritzako Ibone Bengoetxea lehendakariordea buru. Kirol arloan, berriz, Euskadiko Pilota Federazioko presidente Jose Mari Mitxelena eta pilotari talde bat hurbildu dira Cordobako trinketera; azken hauek, ostegun honetatik aurrera lehenengo aldiz euskal selekzio gisa lehiatuko dira ofizialki Buenos Airesen eta Uruguaiko Colonian jokatuko den Munduko Txapelketa ofizialean.

 
Euzko Etxeko dantzari taldearen esker ona: "Eskerrik asko! ¡Gracias por venir!"

  
Villa Mariako EEko lehendakari Gerardo Echeverria lekukoa pasatzen Rosarioko Zazpirak Bat-eko Guillermo Canut-i

Egitaraua amaituta, gogobetea eta esker ona nagusitu dira antolatzaile zein bertaratutakoen artean. Edizio bat amaitu orduko hurrengoari begira, Rosariok hartu du orain ardura eta Rosarioko Zazpirak Bat Euskal Etxea izango da 2027ko Argentinako Euskal Aste Nazionala antolatuko duen erakundea. Hurrengo Aste Nazionalerako diseinatutako kamiseta ofiziala soinean zutela agertu ziren aurtengo azken agur bazkarian rosariotarrak Sociedad Ruralen, eta gogo handiz, ilusioz eta konpromisoz heldu diote euskal komunitateari berriz ere etxean harrera egiteko erronkari.

(bihar segituko du)



hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia