Pehuajó, Argentina. 'Museoen eta Bildumagileen Gaua' ekimenaren hirugarren edizioak partaide berri bat gehitu du Pehuajón: Etxe Alai, bertako euskal etxea, kultur ibilbidean anfitrioi sartu zuen. Hiriko historia, memoria eta ondarea ospatzen dituen ekitaldiak ateak zabalik izan zituzten hamaika geltoki hautatu zituen iraileko azken asteburuan. Ekimenak bizilagun ugari erakarri zituen, gazteen partaidetza nabarmen eta gogotsuarekin. Hiriko hainbat gune enblematiko bisitatu zituzten, hiriko memoria espazio publikoarekin lotuz eta bizilagunekin elkarrizketa zuzena sustatuz.
Ekitaldian egindako lehen agerraldian, Etxe Alaik Euskal Herriko kulturaren berri eman zuen. Horretarako, objektu adierazgarriak, jantzi tradizionalak, gastronomia, kirolak eta euskal immigranteek eskualdean utzitako arrastoari buruzko material historikoa jarri zituzten ikusgai. Halaber, bisitariek elkartearen argazki-bildumak eta euskal genealogia zein Argentinan euskal abizenen hedapenari buruzko testu espezializatuak ikusteko aukera izan zuten. Horrez gain, euskal etxeak bilduma pribatuak ere hartu zituen. Besteak beste, filatelia-materiala, postalak eta antzinako argazkiak, baita Pehuajóren hiri-bilakaera -1910etik gaur egunera arte- erakusten duten maketak eta itsasontzi historikoen erreplikak ere.
`Jendeari deigarria egin zitzaion bere abizena liburuetan aurkitzea, eta jakitea Argentinako beste leku batzuetan ere badirela euskal abizen bera duten pertsonak. Baina ezusteko atsegina ere hartu zuten erakusketan jada ezagutzen zituzten objektuak ikustean, euren etxeetan ikusitako gauzak, aurretik euskal kulturaren parte gisa identifikatu ez bazituzten ere´, azaldu dio Etxe Alaiko idazkari Laura Morenok EuskalKultura.eus-i. Euskal etxeko kideek hainbat bilera egin zituzten erakusketa prestatzeko lanetan aritzeko. Erakusgai dauden objektu asko familien jabetzakoak dira eta, beraz, haien historia pertsonalen parte dira. Zer erakutsi eta nola egin erabakitzeak afektu horiekin harremana berritzea ekarri zien. `Gure aitona-amonek ekarritakoa ikustea da, baita beren lurrean utzi zutena ere, eta horretan gure burua islatuta ikustea. Mobilizatzaile eta oso hunkigarria da´.
'Días de película', 'Ombuaren itzala' filmaren making of-a
Erakusleiho horretako ekitaldi deigarrienetako bat Gustavo Ferrer bertako kultur eragileak zuzendutako `Días de película´ dokumentalaren emanaldia izan zen. Lan horrek `Ombuaren itzala´ pelikularen filmazioaren eta atzealdeko kontuak azaltzen ditu. Patxi Bisquertek idatzi eta zuzenduriko, eta Pehuajoko lokazioetan filmatutako pelikula iaz estreinatu zen, eta Pello Mari Otaño olerkari eta bertsolari ezagunaren bizitza kontatzen du. Horrela, egitasmoan anfitrioi gisa aritu zen lehen aldian, Etxe Alaiek arrakastaz txertatu zuen bere proposamena herriko kultur zirkuituan, bertako historia eta euskal zinea uztartuz.

Lagun bati bidali
Komentarioa gehitu



