Pehuajó, Argentina. 1956an sortua, Pehuajó-ko Etxe Alai Euskal Etxea, beste hainbat bezala, laguntza emateko, komunitate-gune bat eskaintzeko eta Euskal Herritik etorritako immigranteen kultura-identitatea zaintzeko jaio zen. Bultzada horren atzean Txomin Jakakortajarena apaiz berastegitarra (Gipuzkoa) egon zen, hamarkadatan erakundearen arima. Izan ere, Euskal Herrian garai hartan une gogorrak eta estuasunak pairatzen ari zirenei lagundu eta adoretzea bilatu zuen, bai espiritualki, bai ekonomikoki. Zazpi hamarkadotan zehar, elkarteak aldaketa sozialekin batera eboluzionatu du, baina bi premisa bere horretan mantenduta: euskal kulturaren hedapena eta berau ospatzeko gogoa. Asmo horiek lagun, joan den abuztuaren 1ean, larunbatean, ateak zabaldu zizkion komunitate osoari, musika, dantza, txokolate beroa, urtebetetze opil tradizionala eta Zorionak zuri abesteko parada eskaini zituen jai-jardunaldi batean.
Ekitaldiaren irekieran, Laura Moreno idazkariak ongietorri beroa egin zien bertaratuei. "70 urteko bide instituzionala ospatzen dugu, baina baita ere adiskidetasuna, lan partekatua eta gure sustrai zein tradizioak bizirik mantentzearen harrotasuna. Gaur ziurtatu dezakegu iraganari harrotasunez eta etorkizunari nortasunez begiratzen diogula", adierazi zuen. Berta de Lejarragaren "Gure aitona-amonak" olerkia irakurri ondoren, Morenok hitza eman zion Élida Oroz de Arce kolaboratzaile historiko eta aktiboari; eta honek Sonia Irigarayk zuzendutako "Sembrando Patria" dantza taldea aurkeztu zuen. Ondoren, Aita Donostiaren hitzak ekarriz, Santa Maria Ikastetxeko Abesbatza aurkeztu zuen, Néstor Correak zuzendua..
Ospakizunak tokiko zenbait elkarte bildu zituen, hala nola Espainiar Elkartea eta Aliantza Frantsesa eta honen opari instituzional bat jaso zuen. Jaso zituen baita ere euskal lagunen agur formalak, tartean Avelino Zurro diputatuarena. Egungo zuzendaritzako kide dira Raquel Aristizábal, Sergio Aguirre, María Isabel Suárez Segurola, Juan Eduardo Errea, Laura Moreno eta Nora Barrenechea, Etxe Alaiek laurogei bazkide biltzen ditu gaur egun. Astean zehar, jarduera irekiak eskaintzen ditu, hala nola gimnastika erritmikoa eta taekwondo eskolak, eta Nora Barrenechea lehendakariak berak euskara eta euskal kultura tailerrean zuzentzen duen prestakuntza-gunea uztartzen ditu.
Zorionak Etxe Alai!

Lagun bati bidali
Komentarioa gehitu


