euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Alemania: euskal aireak Koblenz-ko ‘Rhine in Flames’ jaian, Txengel Etxea EEak 'Euskulinarik' iragarri du, irailaren 19an

2026/09/08

Txengel Etxeko Ensanblea -Thomas Walde, Anja Grünewald eta David Lopez Lareki 2026ko ‘Rhine in Flames’ jaialdian (arg. Rhine in Flames)
Txengel Etxeko Ensanblea -Thomas Walde, Anja Grünewald eta David Lopez Lareki 2026ko ‘Rhine in Flames’ jaialdian (arg. Rhine in Flames)

PUBLIZITATEA

Koblenz, Alemania. Munduko euskal etxeen tokiko lanari esker, agertoki berrietara iristen da euskal musika. Izan ere, musikaren eta euskal instrumentu tradizionalen alorrean gogoz ari da lanean Alemanian, iaz Koblenz-en sortutako Txengel Etxea, bazkide eta zuzendari dituen musikarien eskutik. Uda honetan, bertako Euskal Ensanbleak eskualdeko ekitaldi nagusietako bat den ‘Rhine in Flames’ (Rhin sutan) jaialdian hartu du parte, estreinekoz, pasa den abuztuaren 9an, eta gustura eta errepikatzeko asmoz agertu dira datorren urteari begira.

Thomas Waldek (dei-adarra eta txalaparta), Anja Grünewaldek (xirularrua, alboka eta ahotsa) eta David Lopez Larekik (dei-adarra, txalaparta eta eskusoinua) osatzen dute Ensanblea. Euskal Herriko egile klasikoen piezak aukeratu zituzten emanaldirako. Hasiera emateko, dei-adarrarekin eta txalapartaren soinuekin erakarri zuten publikoa eta gero honako abestiak jo zituzten: Enrike Zelaiaren Axuri Beltza eta Erkudengo Ama Birjiña eta Naparra; Juan Mari Beltranen Sorgin Etxea; Oskorriren Ezpatadantzaren bertsio instrumentala; eta Mikel Laboa eta Joxan Artzeren Txoria Txori.


Euskal musika tresnen soinuekin erakarri zuen publikoa Euskal Ensanbleak


Koblenzko Txengel Etxeko Euskal Ensanbleak jaialdian jo zituen piezetako batzuen tarteak

“Rhine in Flames jaialdia erraldoia da —hiru eguneko programa, sei agertoki, 140.000 bisitari…— eta Koblenzko garrantzitsuena, "Iruñean Sanferminak diren bezala, erreferentziala”, azaldu dio EuskalKultura.eus-i musikari izatearekin batera Txengel Etxeko lehendakari ere baden Lopez Larekik. “Horregatik poz-pozik gaude parte hartzeko izan genuen aukeragatik, ederki atera da eta, egiari zor, esperientzia honekin gustura itzuliko ginateke datorren urtean berriro ere gonbitea jasoko bagenu”, diosku Larekik.

Orain 'Euskulinarik', euskal sukaldaritza

Eta badiru edukia eta data Koblenzko Txengel Etxearen datorren proposamenak. Irailaren 19an izango da, eta “goi mailako sukaldaritza ekitaldia” iragartzen dute Txengel Etxeko lagunek. 'Euskulinarik' izenpean, topaketa Iosu Oloriz del Rosario buru duen EEko talde gastronomikoaren esku egongo da eta menu tradizionalak arrain zopa donostiar erara, arkumea txilindroi erara eta gazta tarta eskainiko ditu. “Platerak prestatzeko Martin Berasategiren errezetetan oinarrituko gara; eta euskal ardoa ere izango dugu, Viña Zorzal ardo nafarra hain zuen”, azaltzen du lehendakariak.

Euskulinarik arratsaldeko 6etan hasiko da, Güls-eko Eliza Zaharrean, eta txartelak 28 euro balioko du, edari bat barne. Lekuak mugatuak dira eta erreserbak lehenbailehen behar dira egin,  info@txengeletxea.helbidera idatzita. Informazio gehiago, hemen.

- Koblenzko Euskal Etxea Instagramen, txengeletxea
- Kontaktatzeko helbide elektronikoa, info@txengeletxea.de



hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia