Koblenz, Alemania. 89 urte egin ziren azken igandean hegazkin nazi alemanek eta faxista italiarrek, Franco general espainiarraren zerbitzuan, Gernika bonbardatu zutenetik. Diasporako euskal elkarte askorentzak gorriz markatuta dagoen data da eta ekitaldi bereziak egiten dituzte Gernikako Bonbardaketaren biktimak omentzeko eta batez ere Bizkaiko herrixkan gertatutakoa berriro gerta ez dadin.
Duela urtebete sortu zuten Koblenzko Txengel Etxeko kideentzat asteburu berezia izan zen joan dena alde batetik urteurrena ospatzen zutelako eta bestetik, Gernikako Bonbardaketa oroitzeko Erakundeak antolatutako lehenengo ekitaldia izan zelako aurtengoa. Hori dela eta ekitaldi oso polita eta hunkigarria antolatu zuten Philipp-Dott Pasealekuan, Gülseko Mosela ibaiertzean, eta bertan Gernikako Haritzaren kimu bat landatu zuten, “Alemanian mota honetako seigarrena da eta mundu mailan 421.a.”, jakinarazi dute EEko lagunek. “Gure nahia zen kokalekua 1944an Gülseko bonbardaketa gogorarazten duen oroigarritik oso gertu egotea. Horrela, adiskidetzearen mezua eta etorkizun baketsu baten aldeko gure itxaropena zabaldu nahi ditugu” azpimarratu zuten, Ziortza Olano Astigarraga Kanpoan den Euskal Komunitatearen zuzendariaren presentzia izan zuen zeremonian.
Koblenzko Txengel Etxeak antolatutako ospakizuna
Ekitaldiaren baitan, Gernikako Bonbardaketaren urteurrenaren bezperan, kontzertua eskaini zuen Enrike Zelaia trikitilari nafarrak, Koblenz-Güls-eko Eliza Zaharrean, eta Frauenchor der Bälzer Sangesgilde Boppard (Bopperdeko emakumezkoen abesbatza) lagun.
Enrike Zelaiaren kontzertua
Urtero bezala, Alemaniakoa hiriburuan ere antolatu zen omenaldia bat. Berlingo ‘Gernika’ Euskal Etxeko kideak Zehlendorfen dagoen Guernica-Platzen elkartu ziren apirilaren 26an, eta musika eta poemekin biktimak gogoratu zituzten.

Berlingo omenaldia Guernica-Platzen
Gernikako Bonbardaketaren 89. urteurrenak Hego Amerikan ere oroitu zen eta Sao Paulon, Brasilen, Casa Gernika GKEak mural bat inauguratu zuen igandean, Picassoren koadroan inspiratuta, Sao Pauloko Udal Ganberatik metro gutxira. 'Gernika Bizirik' 5. asteak bihar jarraituko du hiriko Cervantes Institutuan. Uruguain, berriz, FIVU Federazioak biltzen dituen elkarteak Montevideoko Gernika Plazan bildu ziren apirilaren 26an, omenaldia egiteko: dantzak eta lore eskaintza Haritzaren aurrean.

Margolan berria Sao Paulon

Gernikako Bonbardaketaren 89. urteurrena Montevideon
Txilen, bertako Euskadiren Ordezkaritzak antolaturik, joan den apirilaren 14an hasi zen Bonbardaketaren 89. urteurren ekitaldia unibertsitatean, Santiagoko euskal elkarteak partaide. Ekintzen programako azken aktibitatea gaur izango da. Cecilia Zabaleta irakaslea, Bakearen Museoko Idoia Orbe Narbaiza eta euskal gizataldeko beste hainbat ordezkari mintzatuko dira memoria eta etorkizunari buruz. Txilen ere baina Viña del Marren, Euskal Etxeko kide diren Gerrako Umeekin eta beren ondorengoekin egin zuten oroitze ekitaldia.

Viña del Marreko Euzko Etxean, 'Gerrako Umeak' izan ziren topaketaren gaia
Limako EEak bat egin zuen Gernikan gertatutakoa baina batez ere gaur egungo gerrak salatu nahi dituzten elkarteekin. Urteurren ekintzan Gernikako bonbardaketatik bizirik atera eta gaur egun Euskal Etxeko kide den Jon Guarrochenarenak hartu zuen parte.

Lagun bati bidali
Komentarioa gehitu



