General Belgrano, Argentina. Zuzendaritza batzordea berritu eta berehala, indartsu ekin dio lanari General Belgranoko (Buenos Aires probintzia) Gure Etxea Euskal Etxeak. Erakundea sendotzea eta herrian gehiago txertatzea dituzte ardatz nagusi eta, bide horretan, bilera egin zuten joan den apirilaren 20an Osvaldo Dinápoli alkatearekin. Bertan izan ziren Bárbara Pérez Arrúa lehendakari berria eta Emanuel Borthiry lehendakariordea, Udalarekiko lankidetza berresteko asmoz. Bilkurak fruitu zehatza eman du: 2025eko arrakasta ikusita, Udalak babesa emango dio “Belgrano Celebra al Pueblo Vasco” (Belgranok Euskal Herria ospagai) jaialdiaren bigarren edizioari. Hitzordua ere finkatu dute dagoeneko: datorren abuztuaren 22an, larunbata, izango da.
2017an berriz martxan jarri zenetik, etengabea izan da Euskal Etxearen hazkundea. Egoitza propioa lortzea dute amets nagusi, baina, bitartean, mugarri garrantzitsua erdietsi zuten iaz: elkartearen lehenengo egoitza izandako etxean (bazkide fundatzaile baten jabetzakoa) abiatu dituzte berriro jarduerak. Gaur egun, eskaintza zabala dute bertan: Natalia Urcola irakasleak euskara eskolak ematen ditu (aurrez aurre zein online), eta lehendakariak berak txikien dantza entseguak zuzentzen ditu. Horrez gain, euskal zinema zikloa, Carlos Gimenezek gidatutako argazkilaritza ikastaroa eta, irailean, Estefanía Borthiryk koordinatuko duen euskal emakumearen historiari buruzko tailerra eskainiko dituzte.
Bide onetik
Kulturatik haratago, herri-ekimenetan ere bidelagun da Gure Etxea. Joan den asteburuan, esaterako, minbizia duten emakumeei laguntzeko “Amar la vida” (Bizitza maita) taldeak antolatutako elkartasun jardunaldian parte hartu zuten, euskal pastelak eta budinak emanez. Herrian duten presentzia aktibo horrek eta iazko "Belgranok Euskal Herria ospagai" jaialdi jendetsuak bazkide kanpaina suspertzea ekarri dute, askok euren euskal jatorriaz jakin izan dute eta lagundu egin zaie berreskuratze bide horretan, eta bat egin dute elkartearekin.
“Jaialdiak jende asko esnatu eta hurbildu zuen; euskal jatorria zutela konturatu eta euskal etxera jotzen hasi ziren, eta horrek poztasun handia ematen digu”, adierazi dio lehendakari gazteak EuskalKultura.eus-i. Etorkizunari begira, argi du Pérez Arrúak: “Pixkanaka goaz; badakigu bidea luzea dela, baina gogo handia dugu. Hau guztia bizirik mantendu nahi dugu, ondorengoei transmititu ahal izateko”, amaitzen du.
Martxoaren 28ko Batzar Nagusiaren ondoren ateratako Zuzendaritza:
- Lehendakaria: Bárbara Pérez Arrúa
- Lehendakariordea: Emanuel Borthiry
- Idazkaria: Galo Díaz
- Diruzaina: Carlos Giménez
- Batzordekide titularrak: Juan Martín Iribarne, Natalia Urcola, Emilia Arredondo, María Estefanía Borthiry eta Federico Aranbarri.
- Batzordekide ordezkoak: Elvira Ibarra, José Luis Urcola, Francisco Giménez Andreis, Ana María Arrúa eta Leila Delgado.
- Kontu ikuskatzaile titularra: Claudio César Altamira.
- Kontu ikuskatzaile ordezkoa: Noelia Leguizamón.

Lagun bati bidali
Komentarioa gehitu


