Santiago, Txile. 89 urte beteko dira igandean hegazkin naziek Bizkaiko herrixka bonbardatu eta birrindu zutenetik. 1937ko apirilaren 26an gertatutako sarraskia salatu eta utzi zituen biktimak oroitzeko “Gernikako bonbardaketaren 89. urteurrena: artea, estetika, memoria eta giza eskubideak” ekitaldia antolatu zuten Txileko Unibertsitateko Estetika diziplinarteko Institutuak eta Txileko Euskadiren Ordezkaritzak. Inaugurazio ekitaldia apirilaren 14an izan zen Euzko Etxea-ko Euskal Abesbatza, Txileko Euskal Gizataldea Elkarteko Txileko Euskal Dantza Taldea eta ‘Hilario Olazaran’ taldeko Angel Espinoza txistularia partaide.

Txileko Euskal Gizataldea Elkarteko dantzariak eta Angel Espinoza txistularia, 'Gernikako bonbardaketaren 89. urteurrena: artea, estetika, memoria eta giza eskubideak' ekitaldiaren inaugurazio ekitaldian (argazkia César Dellepiane)
Ekitaldian Gernikako Bakearen Museoak eskainitako "Gernikako bonbardaketa" erakusketa inauguratu zuten antolatzaileek eta Cecilia Zabaleta artista plastiko txiletarrak, momentuan zabaldu zen "Gernika 3724" mihisaren esanahia azaldu zuen. Ekitaldiaren programa barruan eta apirilaren 29ra arte beste hainbat aktibitate mota garatu eta garatuko dira, tartean tailerrak, klase irekiak eta mintegiak.

Cecilia Zabaleta artista plastiko txiletarra emandako arte tailerrean
Gernika munduan
Datozen egunotan, ekintza ugari burutuko dira munduko euskal etxeetan beti ere Gernikan gertatutako triskantza memoriara ekartzeko. Hitzordu berezienetako bat, urtero, Berlinen 'Gernika' euskal etxekoek egiten dutena da. Aurten ere Zehlendorfen dagoen Guernica-Platzen elkartuko dira Euskal Etxeko kideak eta lagunak, arratsaldeko 4etan, biktimak gogoratu eta bakearen aldeko mezu garbia zabaltzeko (Informazio gehiago, hemen). Alemanian ere baina Koblenz hirian, Enrike Zelaia trikitilari nafarraren kontzertua antolatuko du bertako Txengel Etxeak, Koblenz-Güls-eko Eliza Zaharrean, apirilaren 25ean.
Argentinako hainbat euskal etxek ere antolatuko dituzte ekintza bereziak oroimenari eta gogoetari zuzenduak. Buenos Airesko Euskaltzaleak-en, Teresa Zavaleta historia irakasleak eta Gernika Memoriaren Lekuko plataformako ordezkariek hitzaldia emango dute ostiral honetan, apirilaren 24an, iluntzeko 8etan. Hitzaldia eta gero, topaketa. Egun berean, baina arratsaldeko 7etan eta Chubuteko Comodoro Rivadavian, Jose Dias Gonçalves artista eta irakasleak Picassoren arteari eta ‘Guernica’ margolanari buru hitz egingo du Euskal Etxean. Arrecifeseko Euskaldunak Denak Bat-ek ere eskainiko du hitzaldi bat baina igandean, arratsaldeko 6etan. Eta Necocheako Euzko Etxeak erakusketa interaktiboa prestatu du ostiral honetan eskaintzeko, arratsaldeko 7etatik aurrera, euskara ikasgelan.
Sao Paulon, Brasilen, Casa Gernika GKEak mural bat inauguratuko du igandean, goizeko 10etan, Sao Pauloko Udal Ganberatik metro gutxira eta 'Gernika Bizirik' 5. asteari hasiera emateko. Omenaldiak apirrilaren 30ean jarraituko du (programa osoa EuskalKultura.eus-ek argitaratutako artikulu honetan). Uruguain, berriz, FIVU Federazioak egiten du deialdia: igandean, goizeko 11:30ean, Montevideoko Gernika Plazan.

Lagun bati bidali
Komentarioa gehitu


