euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Hiru Erreka Tres Arroyos sortu zeneko 141. urteurrenean partaide; Gernikari gorazarre Haritzaren kimu bat landatuz

2025/04/29

Playón Culturaleko ekitaldia; Mulazzi Museoan, ezk. esk., lehendakari H. Jaureribehere, S. Laborde, M. Hojbjerg, C. Cataneo eta solasaldiko antolatzaile Juan Moizzi; Plaza Vasca-n, Pablo Garate intendentea (beltzez) eta Hiru Erreka Desfile Zibikoan
Playón Culturaleko ekitaldia; Mulazzi Museoan, ezk. esk., lehendakari H. Jaureribehere, S. Laborde, M. Hojbjerg, C. Cataneo eta solasaldiko antolatzaile Juan Moizzi; Plaza Vasca-n, Pablo Garate intendentea (beltzez) eta Hiru Erreka Desfile Zibikoan

PUBLIZITATEA

Tres Arroyos, Argentina. Tres Arroyos hiriak 141 urte bete zituen joan den ostegunean eta bertako Hiru Erreka Euskal Etxeak aktiboki hartu zuen parte ospakizun ekitaldi ugarietan. Ostegunean bertan, La Estación Kultur Etxean, Pablo Garate intendentea buru zela, omenaldia egin zitzaien komunitateko pertsona nabarmenei, ikurrina gainerako gizataldeetako banderekin batera partaide. Ostiralean, apirilaren 25ean, Juan Bautista Istilart euskaldunaren figura berreskuratu zuen solasaldiari lotu zitzaion, baita apirilaren 27ko egindako Desfile Zibikoari ere. Horrez gain, apirilaren 26an, larunbata, Gernikako Bonbardaketaren 88 urteurrena oroitu zuten Plaza Vascan egindako ekitaldi hunkigarrian, eta Arbolaren kimu bat landatu zuten.

Ostiral arratsaldean, Udala antolatzaile, José A. Mulazzi Museoko Areto Nagusian, "Istilarteren ondarea" solasaldia egin zen, XIX. mendearen amaieran Tres Arroyosen finkatu zen Juan Bautista Istilart (Makea, 1867 - Tres Arroyos, 1934) industriari eta filantropoaren lana mahaigaineratuz. Istilartek berak sortutako, edota aktiboki parte hartu zuen kultura, industria, merkataritza, kirol eta gizarte arloetako beste horrenbeste erakundetako 15 bat ordezkarik eman zuten harekiko euren lekukotasuna. Hiru Errekaren ordezkari gisa, Patricia Puente bazkidea aritu zen, Tres Arroyosen ehortzia dagoen euskal ongilearen hilobia hizpide, euskal tankera ederrekoa berau. Azkenik, igandean, Euskal Etxeak Desfile Zibiko tradizionalean hartu zuen parte Ituzaingó etorbidean, 141 urteotako eraikuntza kolektiboa ospatzeko komunitatearen alde lan egiten duten bertako gainontzeko elkarte eta bizilagunekin batera.

Gernikako Arbolaren kimua Tres Arroyosen

Gernikako Bonbardaketa gogoratzeko ekitaldia urteurreneko 26an bertan egin zen, larunbat arratsaldean, Plaza Vascan, hiriko intendente Pablo Garate partaide. Natalia Cubiatebeherek gidatu zuen zeremonia, eta bertaratutakoei ongietorria eman ostean, kanpai hotsak eta sirena bat entzun ziren, zirraragarri. Ondoren, Hiru Errekako bazkide Hector Daniel Uribek hartu zuen hitza, eta Haritzaren historia, sinbolismoa eta zentzu politikoa izan zituen mintzagai.

Kimua landatzeko lurra bota eta berdintzeko lanetan lankide izan ziren Pablo Garate intendentea, Hiru Errekako lehendakari Horacio Jaureguibeher, elkarteko lehen bazkideetakoa den Clyde V. Etchegoyen eta Pilar Olsen, gazte taldearen ordezkari. Gernikako Juntetxean dagoen Haritzaren ondorengoa Tandilgo Gure Etxearen dohaintza izan da, tandildarren "Legatua eta Ondarea - Zuhaitz Ondoan" proiektuaren barruan. Ekitaldi labur baina hunkigarria honetan izan ziren Gizataldeen Batzordeko gainerako ordezkariak, herritar ugari eta Hiru Errekako bazkide eta lagunak. Bukatzeko, Patricia Puente, Gustavo Uzcudún eta Alejandro Cordi Ayastuy bazkideek, Beatriz Petersen eta Magdalena Sanguinetti musikariak lagun, Gernikako Arbola abestu zuten.



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia