euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Nafarroatik sustatutako "Eskorgako Euskalduna"ri buruzko zinema proiektua berriro martxan: bi film eta omenaldia

2025/10/22

Axel O´Mill Tubau eta Julian Iantzi Joseba Asiron Iruñeko alkatearekin, Maider Beloki Unzu Kultur Aholkulariarekin eta Mikel Armendariz Ekonomia Zinegotziarekin
Axel O´Mill Tubau eta Julian Iantzi Joseba Asiron Iruñeko alkatearekin, Maider Beloki Unzu Kultur Aholkulariarekin eta Mikel Armendariz Ekonomia Zinegotziarekin

PUBLIZITATEA

Iruñea, Nafarroa. Martxan da berriro ere Axel O´Mill Tubau zinema zuzendariak Guillermo Larregui "Eskorgako Euskalduna"z egin nahi duen proiektua. Azken hilabeteotan urrats garrantzitsuak eman ditu zinemagileak finantziazioaren kudeaketari dagokionez eta aski bideratuta omen baldintzak 2027an bi filmei ekiteko –fikziozko film luzea eta dokumental bat– eta Iruñean bertan, Guillermo Larreguiren (Arrotxapea, 1885-Puerto Iguazú, 1964) haren memoria berreskuratzeko omenaldia.

Bere sorterri bere gorazarreari dagokionez, proiektua aitzinarazten ari den eta Iruñean bizi den argentinar zuzendariak EuskalKultura.eus-i jakinarazi dionez, bilerak eginak dituzte Nafarroako Gobernuarekin eta Eusko Jaurlaritzarekin, eta baita Iruñeko Udaletxeko agintariekin ere, burutu nahi dituzen ekimenen xehetasunak emateko.


Axel O´Mill Tubau eta Julian Iantzi proiektua erakusten Joseba Asiron Iruñeko alkateari, Maider Beloki Kultura aholkulariari eta Mikel Armendariz Ekonomia zinegotziari

“Pantailak gainditu eta ondare ukigarri eta prestigio globalekoa sortzeko" asmoarekin, lau ekimen burutu nahi ditu O´Mill Tubauk: Larreguiren Eskorga originalaren (gaur egun Lujango Museoan dago) kopia zehatza egitea, Nafarroako Museoari emateko; Iruñean oroitarri bat eraikitzea; Larreguiren Iguazuko etxea berriro eraikitzea –gogora dezagun Guillermo Larreguik bere azken egunak Iguazun pasa zituela, ur-jauzietatik gertu, berak latez moldatutako etxetxo batean–; eta Iruñea eta Iguazuren arteko senidetzea. “Ekimen hauekin Larreguik merezitako errekonozimendua egingo genuke azkenean… eta aurrekaririk gabeko kultur omenaldia”, esan digu zinemagileak.

‘Nire hitza’ eta ‘36 milioi urrats’


‘36 milioi urrats’ dokumentalaren teaserra

‘Nire izena’ izango du oraingoz izenburu 'Eskorgako Euskalduna' protagonista izango duen fikziozko filmak. Errealismo magikoaren lengoaia erabiliz Larreguiren bidaia kontatuko du, Patagoniatik Buenos Airesera, ‘roadmovie’ estiloarekin, eta ez dira faltako garaiko pertsonaiak, haurtzaroko flashback-ak, 1930. hamarkadako Argentinaren berreraikuntza eta efektu bereziak.

‘Larregui. 36 milioi urrats’ dokumentalean, berriz, euskal argentinar diasporaren pertsonaia garrantzitsuenetako baten benetako historia kontatu nahi du zuzendariak. Julian Iantzi aurkezle, hiru ildo narratibo izango ditu: oraingo bidaia, Julianena alegia; iraganeko bidaia, Larreguiren bidaiak erakutsi ahal izateko; eta memoriaren ahotsak, artxiboko iturri eta historialariei, adituei eta Larreguiren bidaien lekukoen ondorengoei egindako elkarrizketekin.

Lan taldeak bi filmak 2027an estreinatu nahi lituzke, posible bada Donostiako Zinemaldian.

- "Eskorgako Euskalduna" proiektuaren instagram, elvascodelacarretilla
- Axel O´Mill Tubau-ren webgunea, www.axelomill.com



hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia