Valentziako Hiria. Abegikor errezibitu zituen joan den asteburuan, urriaren 17 eta 18an, Valentziako Laurak Bat Euskal Etxeak Europako Euskal Etxeetako euskara irakasleak, urtero euskal etxe diferente batean egiten den bileran, 2025etan Valentziako Euskal Etxea Etxepare Euskal Institutuarekin batera antolatzaile. Bildutakoek landu zuten gai nagusia “Adimen artifizialaren eragina hizkuntzen irakaskuntzan eta Euskararen ahalduntzean” izan zen eta partaide guztien aburuz, topaketa "interesgarria oso", "aplikagarria eta praktikoa" izan zen, 2025-2026 ikasturtea hasi berria egindako hau.
Etxepareko Kinku Zinkunegi jardunaldiaren koordinatzaile, Egoitz Etxeandiak eman zuen euskara eta hizkuntzen irakaskuntzari aplikatutako adimen artifizialari buruzko ikastaro-tailerra. Ostiral eta larunbatez luzatu zen eta, besteak beste, adimen artifizialak parez pare jartzen dituen beldur, behar eta aukeren inguruan hausnartu zuten parte-hartzaileek, bai eta LLM-k (Large Language Model, Hizkuntza Eredu Handiak) mintzairen irakaskuntzan zein ikaskuntzan eskaintzen dituen aukerez ere.
Hamar irakasle batu ziren, Bordele, Paris, Bartzelon, Madril, Valladolid eta Valentzia bertako euskal etxeetatik bertaratuak. Material pedagogikoen ekoizpena, dokumentazioa eta ikaskuntzaren pertsonalizatzea ere izan zuten aztergai, testuak ulermen-maila ezberdinetara egokitzeko praktikak ezagutu zituzten, eta lehenago aipatutako adimen artifiziala baliatuta, ikas-materiala sortzeko multimedia tresnak aurkeztu zitzaizkien, baita burokrazia-lanak arintzekoak ere; eta ohikoa denez, irakasle bakoitzak bere elkartean euskararen inguruan egindako lanaren berri eman zuen, aurten, HABEren INGURA (inguraonline.eus) plataforma estreinatu berria aurkeztu zitzaielarik.
Datorren urteko bilera Bordelen egingo da.