Villa María, Argentina. Villa Maríako Sociedad Rural-eko aretoa erritmo bizien eta euskal kulturaren bilgune bihurtu zen Argentinako Euskal Aste Nazionaleko ikuskizun gau ezin hobean. Jaialdiari hasiera emateko, DOA (Diasporako Orkestra Argentinarra) igo zen agertokira. FEVAren babesaz 2019an Mar del Platan sortua, hogei musikaritik gora biltzen ditu gaur egun, euskal etxe askotatik etorriak. Ostiralean, bertako kontserbatorioko haur eta gazteen bandak lagun, orkestrak haize eta hari-instrumentu sorta zabala aurkeztu zuen, txalaparta eta albokarekin batera, euskal tradizioaren eta Argentinako folklorearen arteko zubia eraikiz. “DOAri gero eta protagonismo handiagoa eta jotzeko aukera gehiago ematen zaizkio, eta guztiok gaude oso pozik emaitzarekin”, adierazi dio EuskalKultura.eus-i Gaspar Jaurena taldekideak.
DOAren kontzertuak eman zion hasiera ostiraleko ikuskizunari Sociedad Ruralaren Aretoan
Energia berrituz baina tentsioari eutsiz, Tio Teronen Semeak talde donostiarrak berebiziko eztanda eragin zuen Cordobako lurretan. Dantza, zuzeneko musika, erritmo bizia eta euren umore marka nahastezina erakutsi zituzten. Tradiziozko dantzatik herri musikara doazen koreografia zoro eta ikusgarriekin, taldeak barre-algarak eta konplizitatea zabaldu zituen aretoan, ikusleak liluratu zituzten, eta zutik txalo zaparrada eskaini zieten.
Tio Teronen Semeak, energia, umorea eta maila handiko ikuskizuna
Ostiraleko jaialdiari amaiera biribila emateko Xabi Solano igo zen oholtzara, Zigor DZ, Kristina Solano arreba eta Kimua dantza kolektiboko Oier eta Uxue lagun zituela. Trikitilari ezagunak gidatutako bandak erromeria piztu zuen hauspo kolpe, herri doinu eta berezko duen espiritu borrokalari zein jai-giroarekin. Solanok gazte eta beteranoak dantzara bildu zituen berriro ere, argi utziz musika Euskal Herria eta Argentina hurbiltzeko zubigile nagusia dela.
Amaiera, Xabi Solanoren musika eta dantza ugarirekin, aurreikuspenak bete zituen
(astelehenean segituko du)

Lagun bati bidali
Komentarioa gehitu


