euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Atea joka dator 2026ko EH Sona: euskal musikariak, estilo aniztasuna eta hiru agertoki, Bartzelonako EEaren eskutik

2026/10/16

2026ko Euskal Herria Sona urriaren 24an hasiko da Bartzelonan Silitia eta Borla euskal taldeen kontzertuekin
2026ko Euskal Herria Sona urriaren 24an hasiko da Bartzelonan Silitia eta Borla euskal taldeen kontzertuekin

PUBLIZITATEA

Bartzelona, Katalunia. Euskal Herritik kanpo euskal musikaren erakuslehio egiten den EH Sona jaialdia 1997ko udazkenean antolatu zuen Bartzelonako Euskal Etxeak lehen aldiz. Helburuak oso argiak ziren: euskal musika ezagutzera ematea eta euskal kulturaren eta Kataluniakoaren artean loturak eraikitzea. Hiru hamarkada pasa eta gero, hasierako dimentsioari eta helburuei eusten die jaialdiak; aldi berean, belaunaldi eta estilo berriak ere hartu ditu, euskal eszenaren Bartzelonan erakusleiho izaten jarraitzeko. Hiriko Euskal Etxea antolatzaile eta Etxepare Euskal Institutuaren babesarekin, bost kontzertuk osatuko ditu aurtengo programa. Egoitzak La Deskomunal eta Vol aretoak izango dira, baita Euskal Etxeko areto nagusia ere.

2026ko EH Sona urriaren 24an hasiko da, larunbatez, 20:30ean, brioche popa jotzen duen Bizkaiko Silitia bikotearen eta punka eta rocka uztartzen dituen Nafarroako Borla taldearen kontzertuekin. Silitia taldea Ibai Silicatok eta Xabier Barrutiak osatzen dute; Borla, berriz, Martin Zirizak, Timéo Dedieuk eta Ander Redik. Bigarren hitzordua urriaren 31n izango da, larunbatez hau ere, 20:30etik aurrera. Oraingoan, Gipuzkoatik etorritako Hartz taldea (Beñat Rodriguez, Jorge Fernandez, Sidi El Bouanani, Joseba “Metaliyo” Gutierrez) eta Katalunia bertako Hashtack taldea (Marc, Òscar eta Sergi) izango dira protagonistak.

Zikloaren kontzertu nagusia azaroaren 7an izango da, 21:30ean, trash metalaren erreferente den Anestesia taldearen eskutik. Musikari zarauztarrek urteak daramatzate Bartzelonan jo gabe eta EH Sonaren baitan itzuliko dira Kataluniako hiriburura.

Festibalak azaroaren 20an jarraituko du, Toc eta Nize taldeen kontzertuekin. Mungiatik datorren Toc taldeak (Mikel Bilbao, Xabier Bilbao, Aitor Etxebarria eta Ander Goitia) bere disko berria aurkeztuko du emanaldian; Gipuzkoako Nize hirukoteak, berriz, rock alternatiboa eta post-punka uztartzen dituen bere kantuak taularatuko ditu.

Jaialdia abenduaren 11n amaituko da, Euskal Etxearen egoitzan. Bere errepertorioan garaikidetasuna eta euskal tradizioa batzen dituen Sara Zozaya donostiarrak eta ‘Ozen i Fort’ erresidentzia artistikoaren baitan sortutako Badiola i Datzira bikote euskal-katalanak emango diote amaiera zikloari. Kontzertu hau, gogoratu, Euskal Etxean izango da, iluntzeko 8etan.

Ikuskizun guztietarako sarrerak, hemen eros daitezke.

Bartzelonako Euskal Etxea Instagramen, euskal_etxea_bcn



hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia