euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

EuskarAbentura 2026k, Diasporako hiru gazte partaide, ongi bete ditu euskarazko aisialdi euskaltzaleko bere helburuak

2026/08/04

Donejakue bideko erromesak bezala, jzioquitarrak ere pasatu ziren Donibane Garazitik
Donejakue bideko erromesak bezala, jzioquitarrak ere pasatu ziren Donibane Garazitik

PUBLIZITATEA

Donostia-San Sebastian. Uztail osoan zehar 650 kilometro egin ostean, euren helmugara iritsi ziren uztailaren 31ean 2026ko EuskarAbentura programan parte hartutako Euskal Herriko 130 gazteak, euren artean hiru Diasporakoak. Espedizioa uztailaren 1ean abiatu zen Atharratzetik, esan nahi baita «Zuberoatik, Euskal Herriko probintzia txikienetik”, Udaleko kide Milou Castan-ek bere agurreko hitzetan gogoratu zuenez, bozkarioz euskara eta gazteak eskutik lotuta ikustean. Hilabeteren ostean, Getxon amaitzeko, ongi-etorri hunkigarri baten erdian. Gazteak eta euskarazko aisialdia konektatzea, EH osoko lagun berriak euskaraz egitea eta Euskal Herriko geografia, lekuak in situ bisitatuz ezagutzea izan dira aurten ere helburuak, helburu lortuak beste behin abentura honen 8. edizioan. Gazte parte-hartzaileek zein ekimeneko antolatzaileek hitz erabat positibo eta bozkariozkoak baizik ez dituzte erabili EuskalKultura.eus-ek galdeginik behin-behineko balantze egin dutenean.

“Gazteak poz-pozik daude; nekatuta oso, baina baita oso gustura ere", azaldu dute antolatzaileek. "Pairatzea tokatu zaizkigun beroaldien aurrean jarrera nabarmen ezin hobea azaldu dute, egoera horrek momentu batzuetan ordu eta plan aldaketak ekarri badizkigu ere". "Azpimarratzekoa,bestetik, Libe Martinez eta Garazi Hurtado koordinatzaile berriek egindako lana, herrietatik pasatzean, tokian tokiko kultur erreferente askorekin solasteko eta haien esanak entzuteko aukera eman baitigute". Tolosan alkatearen ongietorriarekin batera, Eusko Jaurlaritzaren harrera izan genuen”. Izan ere, Tolosan, ‘Gaztemunduri Ateak Ireki’ programako Diasporako 50 gazteekin elkartu ziren jzioquitarrak —horrela deitzen zaie EuskarAbenturan parte hartzen duten gazteei— Imanol Pradales lehendakaria buru izan zuen topaketa batean.

Euskara eta adiskideak, Euskal Herria ezagutzen

Aurreko zazpi edizioetan bezala, ibilbideak Donejakue bidea izan du aurtengoan ere oinarri. 29 herritan egin dute lo —bertan otorduak eginez, dutxatuz, norberak bere arropa garbituz eta aurrera txukun segitzeko egin behar diren eguneroko gauzak eginez— gehienetan frontoietan, eskoletan edo udalek edota herrietako elkarteek utzitako leku eta instalazioetan. Honako 29 herrietan: Atharratze, Maule, Pagola, Larzabale, Donibane Garazi, Iruñea, Irurtzun, Arbizu, Olazti, Agurain, Gasteiz, Araia, Zerain, Tolosa, Hernani, Oiartzun, Lesaka, Urdazubi, Baiona, Urruña, Donostia, Zarautz, Ondarroa, Lekeitio, Nabarniz, Gernika, Bermeo, Bilbo eta Getxon.


Mauleko Gaia elkarteko kideekin herri kiroletan aritu ziren EuskarAbentura programako neska-mutilak


Nafarroako Gobernuak eta Iruñeko Udalak harrera. Eguna bukatzeko, kantu, musika eta dantzak


Zalduondoko inauteriak eta Olaztiko ihoteak ezagutzen. Eta "euren larruan" sartzen!


Aguraingo Andra Mari elizaren kanpoko zuhaitz eta harri freskoetaan Edurne Azkarate aktorearen bisita


Tolosan, alkatearen harrera Udaletxean, eta Eusko Jaurlaritzarena Zerkausian. Ahmed eta Nur-en palestinar herriari buruzko solasaldi musikatua. Eta Mirua taldearen kontzertua. Solasa Imanol Pradales lehendakariarekin. Eta 'Gaztemunduri Ateak Ireki' programako Diasporako 50 gazteekin jardutea


Hernanin Juan Mari Beltran eta Ander Barrenetxea euskal instrumentuak erakusten


Amaiurko Gazteluan ‘urdinek’ (‘xerpak’) gazteluaren zein nafar erresumaren erorketa azaltzen


Bainatzeko denbora ere hartu zuten. Irudian Zarauzko olatuen kontrako jolasean ari dira


Historia, kultura, musika eta poesia, iragana eta etorkizuna… EuskarAbenturako osagai

Babesleak

Gogora dezagun EuskarAbeturaren 8. edizio honetan, 130 gaztek hartu dutela parte, euretako hiru Diasporakoak, hiruak gainera Bartzelonako Sant Cugat del Vallès-ekoak. Ekimena doan da eta horretarako ezinbestekoa da erakunde eta talde sare baten babesa, maila desberdinetan. Hor egon dira Eusko Jaurlaritza, EiTB, Bilbao Bizkaia Kutxa BBK, Irizar, Nafarroako Gobernua, Euskarabidea, Bizkaiko Foru Aldundia, Gipuzkoako Foru Aldundia, Arabako Foru Aldundia, Bilboko udala, Getxoko Udala, Iruñeko udala, Gasteizko Udala, Donostiako Udala, Leioa Berri Karabaning, Gasca, Kaiku, EuskoTren eta Eusko Ikaskuntza, eta baita aurten batu diren babesle berriak ere: Baionako Udala, Orona Group, Danobat Group, Ampo, MLA Koop, Ulma, Sakana Group eta IzarKom.

Argazki eta bideo gehiago EuskarAbenturaren sareetan: Facebook, Instagram, X, eta euren webgunean



hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia