euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Gaur abiatuko dira Atharratzen EuskarAbentura 2026ko 130 neska-mutikoak, tartean Diasporako hiru partaide

2026/07/01

2025eko EuskarAbenturako gaztetxoak, Lesakarako bidean (argazkia EuskarAbentura)
2025eko EuskarAbenturako gaztetxoak, Lesakarako bidean (argazkia EuskarAbentura)

PUBLIZITATEA

Atharratze, Zuberoa. Gaur, uztailaren 1ean, hasiko da Euskal Herrian, 16 eta 17 urteko gazteen artean euskararen erabilera asialdian bultzatzeko helburua duen EuskarAbentura espedizioa. Zortzigarren edizioa, aurreko biak bezala, Atharratzetik abiatuko eta Getxon amaituko hilabete barru. Uztail osoan zehar 650 kilometro inguru egingo dituzte —oinez 500 inguru)— egunean, 17-20 kilometroko etapatan antolaturik bataz beste.

"Jzioqui dugu” lelopean —gogoratu X. mendeko Donemiliagoko Glosetako hitzak direla—, bere sorreratik izan du xede EuskarAbenturak euskara gazteen jokaleku sustatzea. “Horrela jaio zen 2018an EuskarAbentura: gazteek euskara bizipen positiboekin lotuko zituen esperientzia gogoangarria izateko”, azaltzen dute antolatzaileek. Euskara zazpi probintzietako eta Diasporako neska-mutilen leku komuna. 130 gaztek hartuko dute parte aurten: 45 Bizkaitik etorriak, 29 Gipuzkoatik, 26 Nafarroatik, 13 Arabatik, 7 Lapurditik, 6 Behe-Nafarroatik, 1 Xiberotik eta 3 Diasporatik. Diasporako hiruak Kataluniakoak dira, Sant Cugat del Vallès-koak, Bartzelonan.

Euskara, EuskarAbenturaren arima

Gogora dezagun espedizioan parte hartzea doakoa dela partaideentzat. Izena ematearekin batera, lan bat aurkeztu behar dute eta hor azaltzen duten interesari eta lan horretan adierazitako euskara maila, sormena eta emaitzaren kalitatea gogoan irabazten dute plaza, “beka” moduko bat. Aurten 264 gaztek aurkeztu zituzte lanak, proposatutako hiru gaietako bat hautatuta: “Zer da euskalduntasuna?”, “Ametsak egia bihur daitezke”? eta “Zein garai historikora joan nahiko zenuke?”. Eusko Ikaskuntzak eta EuskarAbentura elkarteak aukeratu zituzten lan irabazleak.


2025eko espedizioaren bideo-laburpena (bideoa EuskarAbentura)

Aurreko edizioetan egin moduan, etapa gehienek Donejakue bidea izango dute oinarri, ibilbidea zertxobait moldatuz bestelako txoko berriak ere ezagutu ditzaten. Ibilbidean 29 herritan egingo dute lo, bertako frontoietan, eskoletan edo udalek edota elkarteek utzitako lekuetan. Hona herriak: Atharratze, Maule, Pagola, Larzabale, Donibane Garazi, Iruñea, Irurtzun, Arbizu, Olazti, Agurain, Gasteiz, Araia, Zerain, Tolosa, Hernani, Oiartzun, Lesaka, Urdazubi, Baiona, Urruña, Donostia, Zarautz, Ondarroa, Lekeitio, Nabarniz, Gernika, Bermeo, Bilbo eta Getxo.

Diaspora artaide

Diasporako euskaldunek ere hasieratik izan dute lekua EuskarAbenturan eta orain arteko edizioetan gazte argentinar, estatubatuar, perutar eta valentziarrek hartu zuten parte, besteak beste. Aurten Katalunia izango da Diasporatik seme-alabak bidaliko dituena; izan ere bertako hiru gazte batuko baitira bertatik espediziora. Hirurak Bartzelonako Sant Cugat del Vallès-koak dira, eta han ere, gurasoek eginiko opari, euskaraz ere egiten dute euren eguneroko bizitzan.

Haietako bat da Ainara. Ainarak ama katalana eta aita euskalduna ditu eta euskal kultura ikasteko eta lagunak egiteko espektatibarekin apuntatu da programara. “Egun hauetan mentalki prestatzen ari naiz, hasteko goiz jaikitzeko, gauzak lasaitasunez egitea gustatzen baitzait eta badakit EuskarAbenturan dena ‘erritmoz’ behar dela egin”, aitortu digu 16 urteko Ainara Labaienek hasiera baino egun batzuk lehenago. Aldi berean, “ahal ditudan euskal hitz berri guztiak ere ikasten saiatzen ari naiz, oraindik gauza batzuk ez baititut kontrolatzen eta guztia euskaraz egin nahi baitut”, azpimarratu du euskara etxean eta familiarekin ikasia duen neska euskal katalan honek.

Babesleak

Ekimena doan izan dadin ezinbestekoa da erakunde eta talden babesa: Hor dira: Eusko Jaurlaritza, Bilbao Bizkaia Kutxa BBK, Irizar, Nafarroako Gobernua, Euskarabidea, Bizkaiko Foru Aldundia, Gipuzkoako Foru Aldundia, Arabako Foru Aldundia, Bilboko Udala, Getxoko Udala, Iruñeko Udala, Gasteizko Udala, Donostiako Udala, Leioa Berri Karabaning, Gasca, Kaiku, EuskoTren eta Eusko Ikaskuntza. Aurten, gainera, lagun berri hauek batu dira: Baionako Udala, Orona Group, Danobat Group, Ampo, MLA Koop, Ulma eta Sakana Group.

- EuskarAbentura sareetan: Facebook, Instagram, X, webgunea



hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia