Maipú, Buenos Aires. Maipúko Anaitasuna Euskal Etxeak bere bost hamarkadatako ibilbidea ospatzen jarraitzen du, eta joan den igandean luxuzko kultur ekitaldi bat gehitu zion urtemugako egitarauari: zinema estreinaldi oso berezi bat, zuzeneko musikak eta euskal sukaldaritzak lagunduta. izan ere, jardunaldiaren ardatza Fermin Aiok zuzendutako 'Kepa Junkera. Berpiztu' film luzearen Argentinako estreinaldi esklusiboa izan zen. Dokumentalak trikitilari bilbotar ikonikoaren ibilbidea, 2018an jasandako iktus larriaren osteko errehabilitazio prozesua eta bere sormen indarraren bizitasuna islatzen ditu. Gaualdia osatzeko, Maipú bertako Bihotzetik taldeak jo zuen; euskal etxearen altzoan sortutako talde honek lotura estua izan du hasieratik omendutako musikari euskaldunaren errepertorioarekin.
Alicia Ithurrart Anaitasunako lehendakariak eman zion hasiera ekitaldiari bertaratutakoei ongi etorria emanez. Ondoren, Fabián Maya akordeoilariak —euskal etxean ia berrogeita hamar urteko bidea daramanak— Junkeraren figurari buruzko azalpen labur bat eskaini zuen. Ostean, Matias Di Loreto proiektuaren kudeatzaileak lana lortzeko izandako gorabeherak zehaztu zituen, musikariarekin eta filmaren zuzendariarekin egindako bitartekaritza azalduz. Di Loreto, gainera, Río de la Platako Akordeoilarien Topaketaren antolatzaile da, eta harreman horrek bidea erraztu zuen dokumentala Argentinan lehen aldiz ikusi ahal izateko.
Jende ugari, Junkerari gorazarre
Deialdiak herritar ugari bildu zituen, tartean euskal komunitateko kideak, bazkideak, dantzariak, musikariak eta Maipúko bizilagunak. Agintarien artean, Angel Farías Udaleko Kultura, Hezkuntza eta Turismo idazkaria nabarmendu daiteke; bere sailak laguntza aktiboa eman zuen proiekziorako azpiegitura eta euskarri teknikoa eskainiz.
Dokumentalaren emanaldiaren ostean, Bihotzetik taldearen txanda heldu zen. Honakoak dira egun taldeko kide: Julian Robles (flauta zeharkakoa, txistua, perkusioa), Mercedes Ithurriague (gitarra, panderoa), Martin Ibarlucia (gitarra), Julia Pettinari Ercoreca (ahotsa), Paola Alderete (ahotsa) eta Fabian Maya bera (akordeoia). Omendutako musikariaren "Carola de Mar", "Muskerraren Balsa & La Balso de Combouscuro" (zati bat) eta "Gaztelugatxeko martxa" piezak interpretatu zituzten. Jai-jardunaldia amaitzeko, plater tipikoz osatutako afari bat partekatu zuten Euskal Etxean.

Lagun bati bidali
Komentarioa gehitu


