Cañuelas, Argentina. Datorren asteburuan euskal dantza izango da nagusi Cañuelasen. Argentinako euskal etxe askotako dantzariak bilduko dira bertan, elkar osatzen duten bi gune landuko dituen asteburua pasatzeko, Euskal Dantza Tailerra eta Dantza Taldeetako Zuzendari eta Arduradunen Topaketa eginez. FEVAk antolatutako ekimen hau Denak Bat euskal etxearen egoitzan egingo da. Irakasle eta koordinatzaile lanetan talde bat arituko da, Bahía Blancako Unión Vascako Manu Irastorza, Viedma-Patagonesko Aberri Etxeko Josetxu Astolfi, Tandilgo Sara Urbieta eta Necocheako Maite Pacheco partaide. Azken biak, dantzari eskainitako 2024ko Gaztemundu programako parte-hartzaileak izan ziren.
Hitzordua uztailaren 4an eta 5ean izango da, larunbat eta igandez, eta dagoeneko 15 euskal etxetako berrogeita hamar bat dantzarik berretsi dute parte-hartzea. Dantza Tailerrak topo egiteko eta esperientziak partekatzeko gune bat sortzea du helburua, dantza tradizionalarekiko lotura, talde-lanaren eta praktikaren bidez sendotuz. Oraingoan, partaideek Villa María 2026ko Euskal Aste Nazionaleko Gaualdirako hautatutako dantza tradizionalak aztertu eta irizpideak bateratuko dituzte. Horrez gain, herrialde bakoitzeko dantza-estiloak eta lan teknikoa ere jorratuko dituzte.
Elkarrekin hobetzea helburu
Aldi berean, Zuzendarien Topaketak euskal etxeetako dantza taldeen arduradunen arteko harremana estutzea izango du xede. Bahía Blancan (2024) eta Tandilen (2025) hasitako lanari jarraipena emanez, koordinatzaileek egungo egoera aztertuko dute: taldeen errealitatea ezagutuz, premia handienak antzemanez, eta dantza talde bakoitzaren erronkak hobetzeko aukerak baloratuz, baita gerorako lan-ildoak finkatuko dituzten adostasunak lortuz ere.

Lagun bati bidali
Komentarioa gehitu


