Helsinki, Finlandia. Euskal Herriko puntako musikak berriro ere “etxeko” mugak zeharkatu eta ezohiko herrialdetara egin du bidaia Basking Beat & Bite jaialdiaren eskutik. Festibalaren aurtengo edizioa abuztuaren 29an egin zen eta euskarazko musika nazioarte mailan zabaltzeko helburuarekin lau kontzertu eskaini zituen aldi berean lau hiritan eta beste hainbeste herrialdetan: Helsinkin (Finlandia), Santiagon (Txile), Miamin (Estatu Batuak) eta Tbilisin (Georgia). Deialdi irekin hautatutako artistak honakoak izanik: Sua taldea, Helsinkin (Finlandia) jotzeko; Idoia, Santiagon (Txile); Merina Gris, Miamin (Estatu Batuak); eta Mirua, Tbilisin (Georgia).
Aurreko edizioetan bezala, kontzertu nagusiak hiri bakoitzeko tokiko tenore egokian izan ziren, eta aldi berean, gainerako egoitzetan zuzenean jarraitu ahal izan ziren streaming bidez, hiri bakoitzeko ordutegietara egokituta. Horrekin, lau herrialdeetan kultura-esperientzia bera partekatzeko aukera izan zuten. Aipatzekoa da, herri bakoitzeko talde banak ere izan zuela lekua BB festibalean; Miamin, Jam Collectivek jo zuen; Santiagon, Olivia Garciak; Tbilisin, Marulak; eta Helsinkin, Heli Hartikainenek.
Jaialdiaren ardatz nagusia musika euskaraz bada ere, sukaldaritza esperientziak eta kultura topaketak ere gehitzen zaizkio programari, Euskal Herriko eta tokian tokiko ohiturak eta kultura uztartze aldera. Aurten, Basking Beat & Bite jaialdiaren programazioaren barruan, Basque Gastronomic Week ekimenaren edizio berri bat burutu zen abuztuaren 26tik 30era jatetxe eta sukaldari batzuekin: Miamin, Edan Bistro jatetxean, Aitor Garate sukaldariaren eskutik; Santiagon, Áurea Jatetxean, Ricardo Pérez chefarekin; Helsinkin Olo Jatetxean, Fernando Gonzálezen ardurapean; eta Tbilisin, College Icarus-en, Guillermo Fernándezekin..

Merina Grisek Miamiko Black Box Media aretoan eskainitako kontzertuan

Sukaldaritza esperientzia Tbilisin, Guillermo Fernández chefarekin, College Icarus-en
Gogora dezagun Basking Beat & Bite ekimenak, Etxepare Euskal Institutuaren eta Bizkaiko Foru Aldundiaren babesa duela. Nazioarteko lankidetza-sarea zabaltzen jarraitzeko, hainbat erakunde, euskal etxe, unibertsitate, artista, sukaldari eta kultura-eragileren laguntza ere badu.
- Basking Beat & Bite jaialdia Instagramen, basking.bbfest

Lagun bati bidali
Komentarioa gehitu


