Mendoza, Argentina. Mendozako Denak Bat Euskal Etxeak abuztuaren 29an abiatu zituen bere 70. urteurreneko ospakizunak, abesbatza topaketa batekin. Ekitaldian hiru talde igo ziren oholtzara: Mendozako Centro Asturianoko Ruxideru taldea; Julián Aguirre Arte Eskolako Abesbatza; eta Gure Kanta koru anfitrioia, Adrián Rodríguezen zuzendaritzapean, Rocío Goslinoren laguntzarekin. Zenbait kantarirentzat kontzertua jendaurreko lehen agerraldia izan zen. Gure Kantak euskarazko lanak eskaini zituen, hala nola Gernikako Arbola eta Txoria txori, Latinoamerikako klasikoekin batera, esaterako Zamba Azul, eta baita Kanbon Palangak Pagoz kantu herrikoia ere.
"Tradizioen Topaketa" hau 70. urteurreneko ospakizun-egutegi ofizialaren hasiera baino ez da izan. Ekitaldi nagusia datorren urriaren amaieran egingo dute, eta Euskal Etxeak bazkideak, herrialde osoko euskal etxeetako ordezkariak eta Mendozako herritarrak bilduko dituen festa handi bat antolatuko du. Elkartea 1956ko abuztuan sortu zen ofizialki, 1940ko hamarkadatik aurrera talde-lan informalak egin bazituzten ere. Ordutik, zazpi hamarkadaz mantendu du Denak Batek euskal komunitatearen presentzia antolatua Cuyo aldean, gaur egun Barcala kaleko 643 zenbakian duen bere egoitzatik.
Belaunaldi arteko topaketa gunea
Denak Bat elkartearen eguneroko bizitzak aitzindarien ondarea disfrutatu eta biziaraztea helburu duten kultur ekitaldiak ditu ardatz. Abesbatzaz gain, egoitzan euskara eskolak eta mus topaketak egiten dira. Ostiralero, iluntzean, 25 eta 84 urte bitarteko hogei bat muslari biltzen dira partidak jokatzeko, solasean aritzeko, afaltzeko eta, batez ere, elkarrekin egoteko. "Musean aritzen gara, baina guretzat karta-joko bat baino askoz gehiago da, euskal kulturaren adierazpena".
"Ohoreagatik, tradizioagatik eta partekatzeko plazeragatik egiten dugu", baieztatzen dio EuskalKultura.eus-i Denak Bateko idazkari Norberto Hernándezek, belaunaldien arteko topaleku honetatik. Izan ere, sukaldaritza tradizionala zein komunitate loturak zaintzen dira bertan. Geroari begira, larunbatetako “Zinema eta pintxoak” ziklo klasikoa berreskuratzeko gogoa nabarmendu du batzordeko kideak, euskarazko filmak ikusi eta ondoren pintxo tradizionalak dastatzea uztartzen dituen egitasmoa, bazkideen eta lagunen gozagarri.

Lagun bati bidali
Komentarioa gehitu



