euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

150. urteurrenerako bidean, Laurak Bat euskaldunen erakusle igandean "Buenos Airesek gizataldeak ospagai''n

2026/09/10

Laurak Bat Euskal Etxearen partaidetza "Buenos Aires Celebra las Colectividades"en 2025eko azaroan. Agertokian, euskal etxeko dantza-taldea; pasealekuan, artisautza-postua
Laurak Bat Euskal Etxearen partaidetza "Buenos Aires Celebra las Colectividades"en 2025eko azaroan. Agertokian, euskal etxeko dantza-taldea; pasealekuan, artisautza-postua

PUBLIZITATEA

Buenos Aires, Argentina. Datorren igandean, irailaren 13an, mundu osoko berrogeita hamar komunitate baino gehiago bilduko dira Mayo etorbidean (Bolívar eta Yrigoyen kaleen artean) “Buenos Airesek gizataldeak ospagai” kale-jaialdian. Hiriko Gizataldeen eta Migranteen Zuzendaritza Nagusiak antolatua, ekitaldia eguerdiko hamabietatik arratsaldeko seietara egongo da zabalik, sarrera doan. Ekimena postu instituzional eta gastronomikoen, plater tipikoen, zuzeneko ikuskizunen, musika, dantza tradizionalen eta tailerren erakusgarri izango da, hirian presente dauden kulturen bizitasuna jendaurretzen. Kulturen mosaiko horretan, euskal komunitatearen ordezkari nagusia Laurak Bat izango da, datorren martxoaren 13an 150 urte beteko dituen munduko euskal etxe dekanoa.

Euskal Etxearen partaidetzak eszenatokia, zaporeak eta difusio kulturala uztartuko ditu. Dantzariek Euskal Herriko gastronomia ezagutzera emateko ardura hartuko dute pintxo adierazgarrien bidez. Oholtza gainean, txikien taldearen emanaldiak samurtasuna isuriko du Nerea Arza, Sofia Etchegaray eta Francisca Iriarte hirukotea gidari. Aldi berean, euskal etxeko zuzendariek eta bazkideek kudeatutako gunean, informazioa zabaldu eta galderak erantzungo dira euskarari buruz, Euskal Herriko historiari eta geografiaz, euskal kulturaz oro har, eta baita elkartearen ibilbideari buruz eta Laurak Batek datorren martxoan beteko dituen 150 urteak ospatzeko aurreikusitako egitarauaz ere.

150. urteurreneko programa, definituta

“Igandea gogotsu itxaroten dugu, penaz gure 'Buenos Airesek Euskal Herria ospagai' jaialdi propioa ez dugulako jada; baina hala ere, pozik porteñoak eta hiriko bisitaria lagun arteko bilera honetan parte hartzera gonbidatzen, Euskal Herria eta gure komunitatearen ibilbidea ezagutarazteko”, adierazi dio EuskalKultura.eus-i Laurak Bateko lehendakari Arantxa Goicoak. 150. urteurreneko ospakizunei begira, elkarteak finkatu ditu jada ekitaldi nagusiak: martxoaren 12an, ostiralean, jardunaldi akademikoa egingo da Buenos Airesko Unibertsitateko Zuzenbide Fakultatean, omenaldia hiri-legebiltzarrean eta afaria egoitzan; larunbatean, aldiz, ikuskizun artistiko handia prestatu dute hiriko areto batean, herrialde osoko dantzariak, DOA taldeko musikariak eta Lagun Onak abesbatza elkartuz.



hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia