Buenos Aires, Argentina. 2027ko martxoaren 13an iritsiko da Buenos Airesko Laurak Bat Euskal Etxea bere 150 urteetara eta, beraz, urtebete eta lau hilabete baizik ez dira falta. Karia horretara, denbora da EEko kide eta lagunak mugitzen hasi zirela urteurrena ospatzeko ekitaldiak prestatzen. Ateak zabalik dituen munduko euskal etxe zaharrena da eta Argentinan ntitate ama bezala aitortzen dute, hainbat euskal elkarteren sorrera edo bultzada eragin baititu. Prestaketa bilkurak aurrera doaz eta mugarria oroitzeko jardueren egitarau osoa 2026ko martxoaren 13an aurkeztuko dutela iragarri dute.
Mahaiaren gainean, festa handi bat kalean eta urte osoan zehar erakusketak, zinema, kontzertuak, gastronomia, jarduera akademiko eta enpresarialak, omenaldiak, eta baita Athletic-eko peñen topaketa bat ere
Laurak Bateko lehendakari Arantxa Goicoak EuskalKultura.eus-i adierazi dionez, 2027. urtea "Laurak Baten urtea izango da, hasieratik bukaerara". Euskal etxeen arteko dekanoak duen itxaropena, ekitaldi programa urte osoan zehar garatzea, gailurra martxoaren 13ko astea izango bada ere. Data horietan festa handia eta mega ekitaldi bat kalean egin nahi luke Zuzendaritzak, ‘Buenos Airesek EH ospagai’ formatuari jarraituz, Euskal Herriko kultura, turismoa, kirola, artisautza-eta islatzen duten standak zabalduz. Euskal Herri osoko agintariak bertaratzea nahiko lukete tartean Eusko Jaurlaritza —dagoeneko babesa adierazi du—, Nafarroako Gobernua —partaide izateko interesa agertu du— eta Iparraldeko Hirigune Elkargoa eta hautetsiak ere lankide.
Jai nagusi horretatik haratago, 150 urte hauek hainbat jarduera tematikotarako marko bihurtuko dira. Historian barrena, euskal immigrazioaren eta Laurak Bat Euskal Etxearen ibilbidea jendaurretuko dute Immigrazioaren Museoan egin eta 2027ko martxoan zabalduko duten erakusketa batean. Gastronomia Astea eta Euskal Zinemaren Astea ere antolatzea aurreikusi dute, baita euskal jatorriko komunitateari zuzendutako Enpresa Topaketa bat ere. Musika arloan, Lagun Onak Abesbatzak eta Denak Bat Kameratak urteurreneko kontzertu bat eskaini lezake, hiriko antzoki garrantzitsu batean, Euskal Herriko musikari bat ere lagun. Ekitaldi hauei, fundatzaileei egingo zaien omenaldia, Donostiako Danborrada eta Athletic-eko Peñen Topaketa bat gehituko zaizkie. Azken horretan, Bilboko futbol taldeko jokalariak edota zuzendariak bertaratzea espero da.
150. urteurreneko logoaren lehiaketa
Arlo akademikoak ere bere tokia izango du programazioan, Amale Artetxe katedraren eskutik. Euskal Herriko historia, diaspora eta euskara gaiak jorratuko dituen mintegi eta topaketak koordinatzen. Ahaztu gabe, Laurak Batek, ospakizuna identifikatuko duen logoa aukeratzeko deialdia egingo duela, beti ere euskal etxearen mende eta erdiko bizitza, eta orain arteko mende eta erdian egin duen ekarpenaren garrantzia berretsiz, Argentinako eta Diasporako euskal kolektibitatearen historiaren baitan.

Lagun bati bidali
Komentarioa gehitu


