Helsinki, Finlandia. Finlandiako 'Basking Euskal Etxea'k antolaturik, ‘Basking Beat & Bite’ jaialdiak euskal kontzertuek, zinemak eta sukaldaritzak osatutako programa eskaintzen du urtero. Aurreko edizioetan bezala, 2025ko honetan ere abuztuaren bigarren hamabostaldian burutu ziren aktibitateak eta hitzordu nagusiak, Euskal Herriko Dupla eta Neomak taldeen emanaldiak abuztuaren 30an izan ziren. “Mundurako bokazioarekin, hiri bakoitzean euskal txoko bat sortzeko helburua”rekin jaiotako festa dela esanez bere burua aurkezturik, ekimena urtez urte bere asmoa betetzen doa eta aurtengo edizioan lau egoitza izan ditu: Helsinki, Tbilisi, Miami eta Txileko Santiago.
Kontzertuak, zuzenean eta streamingez, eta sukaldaritza
‘Aste Gastronomikoa’ eta ‘Pintxo Festibala’ goi mailako jatetxe eta hoteletan izan dira aurten ere, eta izen handiko chef-en eskutik. Helsinkin, NH hotelean eta Brasa jatetxean, Aitor Fernández eta Oscar Garcia Baldeon sukaldariak izan ziren sukaldeetako arduradunak. Ardo dastaketa, berriz, Sanna Kissakangas-ek gidatu zuen. Tbilisin, ardo, gazta eta pintxoen dastaketak Citrus Hotelean egin ziren.
Aitor Fernandez txefa lanean
Amerikako hirietan ere bertako jatetxeek eman zioten leku berezi bat Findalandiatik iritsitako proposamenari. Miamiren kasuan, Aitor Garate Berasaluzek kudeatzen duen Edan Bistrok Kalimotxo Astea antolatu zuen eta horrekin batera euskal produktuen aurkezpena. Santiagon, ostera, Gin Carpintero Destillery delako tabernak ginebra ‘euskal txilerra’ aurkeztu zuen. Aipatzekoa da Santiagoko Eusko Etxeak bat egin zuela ‘Basking Beat & Bite’ekin eta programa barruan eman ziela ongietorria Erasmus-eko 2025eko Euskal Herriko 190 ikasleei
Zalantzarik gabe, baina, une nagusia kontzertuena izan zen. Bi kontzertu nagusi eskaini ziren, eta bietan bertako musikariak eta talde gonbidatuak aritu ziren. Helsinkin Dupla bikote arabarrak "De un pueblo llamado Agurain" (Agurain izeneko herri batekoa) bere azken lan diskografikoa aurkeztu zuen. Egun berean baina ordu batzuetako aldearekin, Neomakeko pandero eta dantzek euskal musikaz bete zuten Tbilisiko Citrus Hoteleko areto nagusia. Bi kontzertuak streaming bidez transmititu ziren jaialdiaren gainerako egoitzetara,
Neomak taldeak musikatu zuen Tbilisiko arratsaldea
Gogora dezagun 'Basking Beat & Bite' jaialdiaren lehenengo edizioa 2021ean izan zela eta parte hartzen duten musikariak deialdi ireki baten bidez hautatzen direla. Ekimenak Etxepare Euskal Institutuaren eta Bizkaiko Foru Aldundiaren babesa du.
Helsinkiko Euskal Etxea Instagramen, basking.basque
'Basking Beat & Bite' jaialdia Instagram-en, basking.bbf