Markina-Xemein, Bizkaia. Markina-Xemeinen egingo da datorren astelehenean, irailaren 8an, Euskal Diasporaren Eguna ospatzeko ekitaldi instituzionala. Pradales lehendakaria buru, Euskal Herriko maila guztietako erakunde eta gizarte eragileak daude gonbidatuta, bat egiteko Diasporarekin eta Euskal Herritik kanpo jaio edo bizi diren hamaika euskaldunekin eta euren euskal etxe, elkarte eta taldeekin. Aurten, gainera, Markina-Xemein-en egiteak lotura zuzena dauka kanpoan ibili den eta dabilen oihartzun handiko multzo batekin, pilotariekin, heien ekarpena munduan baliotsu izan baita euskal erakusgarri gisa. Diasporaren Eguna dela eta, artista euskal argentinar bat, Mikele Irazusta, Markinen arituko da, mural bat propio egiten ospakizuna kari, eta ekitaldiko parte izango da, besteak beste, Ipar Amerikatik, Ternua ondoko Saint Pierre eta Mikelunetik etorritako euskal dantza talde bat, Orok Bat, duela 65 urte sortu eta Euskal Herrira egiten duen lehenengo bidaian.
Euskal Diasporaren Egunaren aurkezpena gaur goizean Markinan, Ziortza Olanoren berbak
Ospakizuna stand kulturalek eta herriko eragileen parte-hartzeak girotuko dute, eta esker oneko omenaldia egingo zaie Euskadiren izena mundu osoko frontoietara eraman duten pilotariei eta zestapuntalariei bereziki. Euskal Diasporaren Eguna 2025 gaur ostiral goizean aurezktu dute jendaurrean Markina-Xemeninen bertan Ziortza Olano Astigarraga Eusko Jaurlaritzako Kanpoan den Euskal Komunitatentzako zuzendariak eta bertako Kultura zinegotzi Mari Eli Ituarte Zarragoikoetxeak.
Astelehen arratsaldean Markinan
Egun honekin lotutako programa 18:00etan hasiko da, Markinako frontoiaren kanpoaldean dagoen frontoi txikian. Ekitaldi instituzionala 18:30ean hasiko da, eta Lehendakaria eta Kanpo Harremanetarako eta Euskadi Globaleko idazkari nagusia, Ander Caballero izango ditu buru. Ekitaldiak osagai artistiko berezi bat ere izango du: Mikele Irazusta diasporako artista argentinarrak diseinatu eta sortutako murala, besteak beste. Obra hilaren 8an bertan hasiko da eta zesta-puntak Markina-Xemeinen izan duen eta izaten jarraitzen duen garrantzia sinbolizatuko du, ‘Zesta-puntaren Unibertsitatea’ deitzen duten horretan. Programazio honekin, pilotarien eta haien familien ibilbidea aitortu nahi du Euskadik, eta euskal diaspora eta jatorrizko lurraldea lotzen dituzten loturak indartu.
Ekitaldi instituzional honekin batera, mundu osoan hamaika ekitaldi, elkarretaratze. festa, zinema-saio, hitzaldi, kontzertu eta ospakizun egingo dira, beste hainbeste euskal etxe, elkarte, norbanako, euskaltegi, unibertsitate eta abarretan, bat eginez Diaspora ospatzean eta bere nortasuna eta errealitatea aldarrikatzen Euskal Herri osoko zati gisa.