Buenos Aires, Argentina. ‘Salón Internacional de les Sidres de Gala’ sagardoaren inguruko ekitaldia irailaren 25etik 28ra egingo da, Xixonen, Asturiasen, eta mundu osoko sagardo naturalaren hainbat ekoizle bilduko ditu. Argentina ere izango da ekitaldiko parte, ‘Txapela’ko arduradun Xabier Aguirre argentinarraren eskutik, berak aurkeztuko baititu Patagoniako sagarrez egindako bere markako hiru sagardoak: Txapela Sagardoa, Astigarragako Petritegi sagardotegi ospetsuko errezetarekin egiten duena; Juliá & Echarren izenekoa, argentinar estilo tradizionaleko sagardo gozoa; eta Teitu, enpresak ekoizten duen estilo asturiarreko sagardoa.
Produktuak aurkezteaz gain, Agirrek ekitaldiko programan hartuko du parte, tartean dastaketa tradizionaletan, ‘Espicha’ delako dastaketan, otorduetan eta bisita gidatuetan. Sisga 2025ko irabazleak hautatzeko nazioarteko epaimahaikide ere izango da sagardogile rosariotarra.
Karta handitzeko helburua
Asturiaseko elkarretaratze honetan parte hartzeaz gain, Aguirreren bidaia Euskal Herrira ere luzatuko du Txapelako arduradunak, eta txakolin upeltegi batzuk ere bisitatuko ditu, produktu hau Argentinara inportatzeko akordioak egiteko asmoa baitu. Gauza bera Petritegi Sagardotegiaren produktuekin. “Xixongo egonaldia aukera ederra izango da, gainera, gure esperientziak munduko beste lekuetako sagadogileekin trukatzeko. Eta Asturiasen zein Euskal Herrian turismo arloko eragileekin bilduko naiz 2026an Sagardoaren Bidea ibilbide turistikoa antolatzen hasteko”, partekatu du Aguirrek EuskalKultura.eus-ekin.
Gogora dezagun ‘Sagardoaren Bidea’ Asturiaseko eta Euskal Herriko hainbat tokitatik pasatzen den bidaia gastronomikoa dela, bertako jateko eta edateko aukera berezia eta bi eskualdeetako kutixia eta proposamen onenak dastatzea biltzen duen proposamena, beti ere sagardo naturala ardatz.
Txapela Sagardoa Instagramen, txapelasidra