euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

"Itzela" Arrecifesen Euskal Diasporaren Eguna ospatzeko antolatutako ekitaldi bateratua: beste askoren aurrekari

2025/09/04

Arrecifeseko Euskaldunak Denak Bateko oholtzan, Paula Cordoba zuzendari, "Bat Etorri" antzerki tailerreko kideak dantzariekin batera, immigrazioaren benetako istorio batean oinarritutako antzerki emanaldi hunkigarri eta txalotuan partaideak
Arrecifeseko Euskaldunak Denak Bateko oholtzan, Paula Cordoba zuzendari, "Bat Etorri" antzerki tailerreko kideak dantzariekin batera, immigrazioaren benetako istorio batean oinarritutako antzerki emanaldi hunkigarri eta txalotuan partaideak

PUBLIZITATEA

Arrecifes, Argentina. Bertako Euskaldunak Denak Bat Euskal Etxea anfitrioi, joan den larunbatean, abuztuaren 30ean, egin zen Arrecifesen 2025eko Euskal Diasporaren Eguneko lehen ospakizun handia Argentinan ezezik mundu mailan. Elkarlanak berriro ere fruituak eman zituen, eta zerua lainoz estalita bazegoen ere, jendetza bildu zen egun koloretsu eta bizia partekatzeko. Jaialdiak kultur eskaintza zabala orioisatu zuen, adin guztientzako tailerrak eta ikuskizunak. Eta Topaketa, beste behin ere, Arrecifesekin batera, Chacabuco, Pergamino eta San Nicolaseko euskal etxeek antolatu zuten. Eta bertan izan ziren Asier Iriberri eta Arantxa Anitua, FEVAko lehendakari eta lehendakariordea, hurrenez hurren. Eurekin batera, La Platako Euzko Etxeko eta Buenos Airesko Laurak Bat eta Euskaltzaleak-eko ordezkaritzak, eta baita Campana eta Venado Tuertoko euskal komunitateetakoak ere.

Eguerdian, euriak festa barnealdean jarraitzera behartu zuen, eta halaxe geratu ziren agerian eraikinean egindako hobekuntzak: ate berriak, zabalagoak eta segurtasun-sistemekin, komun berrituak, teilatuko konponketak, pintura eta argiztapen berria, guztia txoko bakoitzari distira berezia emanez. Eta festaren balantzea: "Oso pozik geratu gara euskal etxeen arteko lan kolektiboaren emaitzekin. Itzela izan zen larunbatean bizi izandakoa, ikusgarria, ia Euskal Aste baten antzekoa!", adierazi dio harro EuskalKultura.eus-i Arrecifesko euskal etxeko lehendakari Teresa de Zavaletak. Izan ere, pentsatzen hasiak dira dagoeneko 2029an, urte hortan Euskal Aste Nazionalaren egoitza izango baita Arrecifes, "Gure aurrekoek espazio paregabea utzi ziguten, eta ziur nago haien legatuaren mailan egoten jakingo dugula", gaineratuz.

Beste hamaika hitzorduren lehenengoa

Baina joan den larunbateko ospakizuna Arrecifesen, aurrekaria baizik ez zen izan, aste honetan eta ondokoan hamaika izango baitira Euskal Herrian, Argentinan eta munduan barrena Euskal Diasporaren Egunarekin bat eginfo duten euskal etxe, elkarte, instituzio, norbanako eta taldeak, beti ere Diasporaren egitatea ospatuz eta aldarrikatuz bere lekua Euskal Herriaren eta euskal kultura eta unibertsoaren baitan. Artikulu bereizi batean munduan zehar antolatutako beste hitzorduen aipua egiten dugu. Hona Argentinako hitzordu gutxi batzuk:

- Viedma: Irailaren 8an, astelehenean, 18:30ean, Aberri Etxeak (Alberdi 146) Diasporaren Eguna ospatuko du Rubén Suárezen hitzaldi batekin, " Vascos en la desembocadura del río Curru Leuvu. S. XVIII (XVIII. mendeko euskaldunak Curru Leuvu ibaiaren bokalean)" hizpide.

- Magdalena: Irailaren 12an, ostiralean, 19etan, Ongi Etorri Euskal Etxearen egoitzan (Rivadavia 925), omenaldia eskainiko diote izen handikoa izan zen euskaldunen ondorengo José Landari

- La Plata: Larunbatean, Irailaren 13an, Euzko Etxearen Kiroldegian (14. Kalea, 1243. zk., 57 eta 58. kaleen artean), Diasporaren Eguna ospatzeko musika eta dantza jaialdia 21:00etan hasiko da.

- Buenos Aires: Irailaren 13an, larunbatean, Iparraldeko Euskal Etxean (Moreno 1370, CABA) topaketa gastronomikoa 21etan. Pintxoak, enpanadak, zozketak eta euskal kantu zaharreo astindua ematea agintzen dute.

- Necochea: Euzko Etxeak Gaualdi Artistikoa eskainiko du 13an, larunbata, 19etatik aurrera. Euskal Etxeko bost dantza-taldeak eta Osasuna Otxotea arituko dira festan, eta jarraian erromeriari egingo diote lekua, musika eta gastronomia tipikoarekin gozatzen jarraitzeko.

(Ikus Diasporaren Eguneko beste hitzordu batzuk gure agendan. Zure euskal etxeko hitzorduen berri ikusten ez baduzu, emailez bidal dezakezu info@euskalkultura.eus-era)

Hona Arrecifesko Euskal Diasporaren Eguneko irudien galeria:


Argazki galeria



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia