euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Chacabuco, Pergamino eta San Nicolasek, Arrecifes anfitrioi, Euskal Diasporaren Eguneko festa handia errepikatuko

2025/08/19

Pergaminoko Arte Ederren Museoan iaz Chacabucoko Guillermo Larregui, Arrecifeseko Euskaldunak Denak Bat, San Nicolaseko Euzkal Etxea eta Lagun Onak euskal etxeek antolatutako Euskal Diasporaren Eguneko ekitaldien irudiak
Pergaminoko Arte Ederren Museoan iaz Chacabucoko Guillermo Larregui, Arrecifeseko Euskaldunak Denak Bat, San Nicolaseko Euzkal Etxea eta Lagun Onak euskal etxeek antolatutako Euskal Diasporaren Eguneko ekitaldien irudiak

PUBLIZITATEA

Arrecifes, Argentina. Zortzigarren urtez jarraian, euskal diaspora prest dago bere egun handia ospatzeko. Egun ofiziala irailaren 8a da, baina euskal etxe askok aurreratu edo atzeratu ohi dituzte ospakizunak, ahalik eta jende gehien elkartzearren. Lehen hitzorduetako bat aurten, abuztuaren 30ean egingo dute Arrecifesen. Izan ere, ospakizun bateratua izango dute bertan hiriko Euskaldunak Denak Bat euskal etxeak eta Chacabucoko Guillermo Larregui, Pergaminoko Lagun Onak eta San Nicolaseko Euzkal Etxeak. Programa oso zabala prestatu dute adin guztietako lagunentzat, goizetik gauera arte luzatuko diren jarduerekin.

Gosari eta ongietorri hitzaldi batekin ekingo diote egunari. Musaren txanda etorriko da ondoren, taillera antolatuta jokoan hasi nahi dutenentzat, eta baita hasi berri eta aurreratuentzako txapelketa ere. Eguerdian, euskal sukaldaritza tailerra, partaideek "luxuzko menu bat" prestatzen trebatuz: itsaski-kazola, oilaskoa piperradan eta postre bat... hain zuzen ere, afarian dastatzeko aukera izango duten plater berberak. Egun osoan, kantinak edari beroak eta hotzak zerbitzatuko ditu, eta enpanadak, pintxoak, tortillak, txistorra eta bestelako jaki gustagarriak. Bazkalostean, maila guztietara egokitutako Dantza Zirkularren Tailerra gauzatuko da, bukaeran denak batera erronda handi batean elkartzeko. Familiaren historiaz jakinminez daudenentzat, genealogia-postu bat ere egongo da, euskal abizenen jatorria eta esanahia ezagutzeko. Eta, patioan, euskarazko eta gaztelaniazko jolasak antolatuko dira adin guztietakoentzat.

Erromeria ordu txikietaraino

Arratsaldea, 17etan, antzerki emanaldi batekin edertuko da, immigrazioari erreferentzia egiten dion eszenaratze handi batekin, eta ondoren, Arrecifes, Pergamino eta San Nicoláseko euskal etxeetako ahotsekin eta gonbidatutako taldeekin abesbatza kontzertu batekin jarraituz. Segidan, patinaje artistiko erakustaldi bat, eta gero bi tailer berri: kantua eta danborrada. Ilunabarrean, oholtzatik Donostiako Danborradaren doinuen deia entzungo da, eta euskal dantza-erakustaldia hasiko, belaunaldi guztietako dantzariak partaide. Gaua helduta, 21ak aldera, afaria zerbitzatuko da, eta zuzeneko musikak bide emango dio erromeriari, bazterrak girotu eta goizalderako dantzaldiari ekiteko.

Zalantzarik ez: egitarau paregabea Argentinan errotutako euskal nortasuna ospatzeko!



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia