Paue, Frantzia. Hegaldiak, Paueko Lagunt Eta Maita (LEM) Euskal Etxeko abesbatzak, bost kontzertuko bira bat hasiko du datorren larunbatean Perigord eskualde frantseseko beste hainbeste herrietara heldurik. Hegaldia euskal etxe bearnesak baitaratzen duen hiru koraletako bat da, gizonek osatua, eta honelako irteerak egin ohi ditu, batez ere Frantzian barrena, euskal kantutegia eta ondare korala kantatu eta hedatuz, a capela edo beste batzuetan zuzeneko akordeoiak lagunduta.
Lagunt eta Maita euskal etxe bearneseko 'Hegaldia' gizon korala 2024an 'Euskadi!!' kantatuz
Hegaldia ibilbide aberats baten jabe da mundu koralean, tartean grabaketa eta CDak eta makina bat kontzertu. Oraingo bira hau abuztuaren 23tik 28ra egingo du Perigordeko zenbait eliz, abadia, katedrale eta tenplutan, honako kronograma segituz:
- Abuztuaren 23an, larunbata: Cathédrale de Sarlat elizan (20etan)
- Abuztuaren 24an, igandea: Abbaye St Amand de Coly-n (17etan)
- Abuztuaren 25ean, astelehena: Église Le Bugue-n (20etan)
- Abuztuaren 27an, asteazkena: Abbaye de Cadouin-en (17etan)
- Abuztuaren 28an, osteguna: Saint Sauveur de Bergerac elizan (18etan.)