euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Europako Parlamentuak Paueko Hegaldia euskaraz abesten entzungo du aste honetan Estrasburgoko bere egoitzan

2022/12/13

Hegaldia abesbatzak Estrasburgon duen birak euskara Europako Parlamentura eramango du
Hegaldia abesbatzak Estrasburgon duen birak euskara Europako Parlamentura eramango du

PUBLIZITATEA

Estrasburgo, Frantzia. Paueko Lagunt eta Maita euskal etxeko "Hegaldia" gizon abesbatza Estrasburgon eta Alsazia eskualdean ari da bira egiten aste honetan eta hitzorduen artean bi emanaldi berezi dauzka, Europako Parlamentuko hemizikloan, eurodiputatuen aurrean, gaur asteartea eta bihar asteazkena, biak eguerdiko 13etatik 14etara. Leku berezi honetan kantatzeko gonbidapena Laurence Farreng eurodiputatu andere bearnesak luzatu zien, Hegaldian parte hartzen dutenek kultura-aniztasuna eta ondarea ordezkatzen duten moduaz harro.

Abesbatzak euskararen kantu-enbaxadore izateko helburua du, eta gaur egun hogeita hamar bat abeslari eta musikarik (teklatuak, akordeoia, gitarrak, flautak, kaxoia, etab.), osatzen dute, Séverine Dervaux koru zuzendari profesionala gidari. Esperientzia musikal zabala du abesbatzak, eta errepertorio anitza eskaini ohi du (kantu erlijiosoa, profanoa, jai-girokoa, zaharra zein egungoa), gehiena euskaraz, bai kontzertuetan, bai animazioetan. Musikaren bidez, hizkuntza, kultura eta identitate bat ezagutarazi nahi dute. Abuztuan Alsaziara etorri ziren biran, baina une hartan parlamentu-bilerarik ez zegoenez, hemizikloko hitzordua orain, abenduan egiteko, geratu zen.

Lehenengoz kontzertua europar hemizikloan

Parlamentukoez gain, beste kontzertu eta animazio batzuk ere eskainiko dituzte aste honetan eskualdean “Hegaldia”ko kideek, hala nola Haguenaun, Benfelden eta Obernain. "Kantatzea bizitzea da, kantatzea partekatzea da, kantatzea ez da aitzakia bat bakarrik, elkarbizitzaren adierazpen komuna baizik!" esan izan dute, emozioz Europaren bihotzean proiektu hau gauzatzeagatik. Lehen aldia da abesbatza batek eta musikariek kontzertu bat ematen dutela ganbera europarraren barruan, eta eman ahal izatea ez da langintza erraza izan, tramite eta baimen guztiak gainditzea. Zorionak Paueko Hegaldia eta Lagunt eta Maita euskal etxeari!



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia