Madril, Espainia. Madrilgo Unibertsitate Konplutentseko (UCM) Euskal Ikasketen Sailak, bertako irakasle titularra den Karlos Cid Abasoloren gidaritzapean, Europako Hizkuntzen Eguna ospatu du azaroan, ‘Euskaraz errezitatu eta kantatu’ ekitaldiaren edizio berri batekin. Efemeridearen data berez irailaren 26 bazen ere, UCMeko ikasle eta irakasleak azaroaren 10ean eta 12an gauzatu zuten euren atxikimendu eta omenaldia hizkuntza-aniztasuna europarrari eta urtero bezala, euskara ikasleak –haietako bost hasiberriak– izan ziren ekitaldiko protagonista bakarrak.
Ikuskizuna Filologia Fakultateko Gradu Areto solemnean izan zen, euskara hutsean, hizkuntza menperatzen ez zutenentzat atzeko pantaila erraldoian gaztelaniazko itzulpena jarrita. Eider Ribao ikasleak egin zuen aurkezpena eta ondorengo poema eta kantak ere Aitorren hizkuntzan jendaurretu zituzten ikasleek. Olerkiak, batzuk originalak izan ziren —“Yifan Carballo ikasle txinatarrak hiru euskara klase eskas zeramatzan bere lehenengo euskal poema idatzi zuenean” adierazi dio harro Karlos Cid Abasolok EuskalKultura.eus-i— eta beste batzuk, euskal idazle Gabriel Aresti, Xabier Lete, Miguel Anjel Unanua, Joseba Sarrionandia eta baita Karlos Cid Abasolo berarenak ere.
Ingelesa eta neerlandera
Emanaldiko hizkuntza nagusia euskara izan bazen ere, beste bi hizkuntza ere entzun izan ziren bertan: ingelesa eta neederlandera. “Sara Camio ikasleak Emily Dickinson idazle estatubatuarraren poema bat errezitatu zuen euskaraz, eta jarraian, jatorrizko bertsioan. Horrekin Euskal Ikasketetako Sailak esker oneko keinu bat egin nahi izan dio Ingeleseko Departamentua, izan ere Ikasketa Ingelesetako Gradua bere ikasketa planean euskara irakasgai gehien eskaintzen dituena baita Filologia Fakultateko Gradu guztietan”, azaldu du Cid Abasolok. Bestalde, neerlandera ama hizkuntza duen Ilyja ikasle belgikarrak ere euskaratutako poema bat errezitatu zuen, “ikusleak harrituz ezin hobeki egin zuen” eta ondoren jatorrizko bertsioan, azaldu du irakasleak.
Ekitaldi parte-hartzailea eta euskal kulturari lotua izanik, poemen atala bukaturik, kantatzeak ere bere lekua izan zuen, eta abesteari ere ekin zioten ikasleek. Aurreko edizioetako kantez gain —’Kalian gora, kalian behera’, ‘Baratxuri’ eta Ruper Ordorikaren ‘Labexomorro’— bi abesti berrik izan zuten tokia emanaldian: ‘Neska ederra’k eta ‘Teresa’k. “Azken hau Raquel Garcia ikasleak gaztelaniaz idatzi eta musikatua zuen, baina ekitaldian, Nerea Ibarzabal bertsolari eta idazleak aldi honetarako propio egindako euskarazko bertsioa kantatu zuen Raquelek”, jakinarazi du irakasleak.
“Ekitaldia amaitu zenean, zerbait eder eta hunkigarriren lekuko eta protagonista izan zirela sentitu zuten ikusleek", diosku Abasolok. Honalo ikasleek hartu zuten parte jendaurretzean: Sendoa Aguirregoitia, Inés Arrigain, Sara Camio, Yifan Carballo, Rodrigo Esteban, Rakel García, Jorge Meléndez, David Nicolás, Mikel de los Reyes, Eider Ribao, Ilja Stekelenburg eta Lucía Tueros.
- Ikuskizun osoaren bideoa, hemen

Lagun bati bidali
Komentarioa gehitu


