Trelew, Argentina. Beltzez jantzita, topaketaren giroan guztiz murgiltzeko asmoz, eta eguzkilorea motibo nagusi gisa hartuta, Trelew-ko Haraneko Euskal Etxeko kide eta lagunek Gau Beltza ospatu zuten. Ekitaldiak euskal ohitura tradizional honen jatorrizko esanahia berreskuratu zuen —urriaren 31ri, uzta-amaierari eta Ipar Hemisferioan neguaren etorrerari lotua—, eta jardunaldi parte-hartzaile bihurtu zuen. Hitzordua azaroaren 7an, larunbat gauean, egin zen, Euskal Etxearen egoitzan.
Ekitaldiak beira-fusio tailer kolaboratibo bat ere bildu zuen, Teresa Criado Carrera bazkidearen eskutik. Artistak bere lanak erakutsi, teknikaren prozesua eta ezaugarriak azaldu, eta pigmentuei, tenperaturari eta lanbidearen berezitasunei buruzko galderei erantzun zien. Oinarrizko diseinu baten gainean, partaide bakoitzak eguzkilore baten zati bat margotu zuen; ondoren, guztiek sinatu zuten pieza eta, labean egosi ostean, Euskal Etxean jarriko dute ikusgai. Bere aldetik, Euskal Etxeko idazkari Iñaki Esquirozek ospakizunaren historia, kondairak eta mitologia errepasatu zituen, arreta berezia jarriz kardu-lorearen babes-izaeran. “Hitzek beste zentzu bat hartu zuten. Izan ere, ez zen gehiago neurri batean edo bestean ezaguna den irudi bati buruz entzutea, denok parte hartzen ari ginen sorkuntza bati buruz baizik”, adierazi dio EuskalKultura.eus-i Natalia Suarez Caminoa EEko lehendakariak.
Elkartzearen eta auzolanaren magia
Gau Beltz bakoitzean bezala, sua piztuta zegoen patioan, hotzari aurre egiteko, baina batez ere erritu sinbolikoa betetzeko, zaharra atzean uzteko eta ziklo aldaketan berria dena sortzeko. Nork bere erritmoan, sutara bota zituzten beldurrak eta eraldatu edo gainditu nahi zituzten kontuak idatzita zituzten paperak. Norberak ekarritako janariekin egindako afariaren eta Zazpi Jauziaren dantza-errondaren ondoren, amaierako topa iritsi zen. “Elkartzearen eta auzolanaren magia izan zuen gauak, baina baita intimitatearena, barne-begiradarena eta itxaropenarena ere”, laburbildu zuen Suarez Caminoak gaualdiaren ostean.

Lagun bati bidali
Komentarioa gehitu


