euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Harrera ederra Arantxa Iurreren "Ezta egun bat gehiago ere (Zirgariak)"ek Hispaniar-elsalvadortar Antzerki Jaialdian

2025/10/23

"Ni un día más (Las sirgueras)" El Salvadorren (argazkia Centro Cultural de España en El Salvador)
"Ni un día más (Las sirgueras)" El Salvadorren (argazkia Centro Cultural de España en El Salvador)

PUBLIZITATEA

San Salvador, El Salvador. Hispaniar-elsalvadortar Antzerki Jaialdiaren VII. edizioan estreinatu zuen joan den asteburuan Getxoko Utopian konpainiak Arantxa Iurreren "Ezta egun bat gehiago ere (Zirgariak)" antzezlana. Emanaldia San Salvador hiriko Centro Español-en gauzatu zen eta nahiz eta antzezlanaren argumentuak XIX. mende amaieran Bilbon gertatutako istripu bat jorratu, publikoaren erantzuna oso ona izan zen El Salvadorren, “gatazkaren unibertsaltasuna nabaria baita”, arrazoitu dute antzerki konpainiatik.

Getxon bueltan, bidaiaren balantzea egin du Arantxa Iurre aktore, zuzendari eta dramagileak EuskalKultura.eus-en galderei erantzunez. "Lana, 'Ezta egun bat gehiago ere (Zirgariak)', hemengoa da, berta gertatua, XIX. mendearen amaieran Bilboko itsasadarrean soka edo zirga baten bidez ontziak eramaten zituzten emakume langileei buruzkoa. Baina El Salvadorren gertatu da beste askotan gertatzen dena, alegia berehala ikusten dela pertsonala izanik egoera bat unibertsala ere izan daitekeela eta ‘injustizia soziala’ herrialde guztietan pairatzen dela. Horregatik seguruenik, publikoari erraza egin zitzaion oso identifikatzea. Guretzat esperientzia ederra izan da, bikain pasatu genuen”, jakinarazi digu Iurrek.


Arantxa Iurreren antzezlana San Salvadorren emanik (argazkia Ccesv)


“Emakumea arte eszenikoetan Euskadin: XX. mendea” liburuaren aurkezpena (argazkia UCA)

San Salvadorren UCA (Universidad Centroamericana José Simeón Cañas) unibertsitateak antolatzen dituen kultura solasaldi batean ere hartu zuen parte sortzaile bizkaitarrak. Bertan “Emakumea arte eszenikoetan Euskadin: XX. mendea” bere liburua aurkeztu zuen. “Oso momentu interesgarria izan zen. Ikasle eta ikerlariek hartu zuten parte eta mahaigaineratu zuten emakumeak erabat ezabatuta daudela El Salvadorreko arte eszenikoetan, eta gure esku dagoela euren lanaz idatzi eta ikusgarritasuna ematea. Ideia truke aberasgarria izan zen”, adierazi du.

'Ezta egun bat gehiago ere (Zirgariak)’ Mallorcan

Egun gutxi barru, ‘Ezta egun bat gehiago ere (Zirgariak)’ egiten duten aktoreak –Haizea Baiges, Arrate Nuñez, Unai Baiges eta Arantxa Iurre bera– berriro ere jarriko dira martxan, oraingo honetan Mallorcara joateko. Agian bertako euskal komunitatekoak eta Artea Euskal Etxekoan interesa izango dute bertaratzeko. Antzezlana azaroaren 1ean eta 2an taularatuko dute Sans Antzokian, Can Sanç kaleko, 5ean, Palma Mallorcakoan. Sarrerak hemen.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia