euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Chacabucotik Euskal Herrira: zazpigarren bidaiari taldea zoriontsu itzuli da, historiak & prestigioa dakartzan arrakasta

2025/10/23

Chacabucoko 27 bidaiariko taldea Guggenheim Museo enblematikoaren aurrean
Chacabucoko 27 bidaiariko taldea Guggenheim Museo enblematikoaren aurrean

PUBLIZITATEA

Chacabuco, Argentina. Argentinara itzuli da Chacabucoko Guillermo Larregui Euskal Etxeak antolatutako bidaiari taldea, Euskal Herrian zehar hamaika egun bizi eman ondoren. Guztira 27 lagun zoriontsuk osatu dute kontingentea, euskal lurraldeko leku esanguratsuenak bisitatuz. Euskal Etxeak antolatutako zazpigarren bidaia izan da, eta horrenbestez, 175 bisitari bideratu dituzte dagoeneko Euskal Herrira. “Ekimenak Euskal Etxeari ematen dion ekarpen ekonomikoaz gain, bidaia bakoitza aukera paregabea da eguneroko lana berresteko, euskal kulturan murgiltzeko eta Euskal Herriarekiko loturak sendotzeko”, adierazi dio EuskalKultura.eus-i Pablo Pavesak, "Guillermo Larregui"-ko erreferente eta bidaiaren koordinatzaileak. Chacabucora itzuli zenetik pare bat aste besterik ez dira igaro, eta zortzigarren edizioan pentsatzen hasia da dagoeneko. “Datorren urtean interesa duen jendea badago, zalantzarik ez izan, egingo dugu”, ziurtatu du.

Bidaiaren bi begirada

Yolanda Bracchik ez du euskal jatorririk. Euskal Etxeko bi lagunek gonbidatuta batu zen taldera. Itsasoz bestalde egin duen lehen bidaia izan da eta ahaztezina egin zaio. “Hasieran, dena zen espektatiba eta zalantza. Zorionez, dena primeran antolatuta zegoen. Horrek lasaitasun handia eman zidan eta pozarren itzuli naiz bidaiatik”, aitortu digu. Hainbat leku eta gauza zerrendatu ditu hunkituta: Gasteiz, Bilboko Alde Zaharra, funikularra eta pintxoak, Portugaleteko zubia, Donostia – “maitemintzen zaituen hiri bat”–, Gernika eta bere historia. Baina Iruñean, harridurak, eta emozioak, hartu zuen. Nafarroako hiriburuan, Yolandaren oroimenak haurtzarora eraman zuen: “Bat-batean, aitak txikitan kantatzen zidan abestia etorri zitzaidan burura: ´uno de enero, dos de febrero’. Ez nuen inoiz pentsatuko 70 urterekin hiri horretako kaleetan ibiliko nintzenik!”.

 
Hiri handiak eta herri txikietako baserriak ere bisitatu zituzten

Yolanda ez bezala, Marta Urbietak Chacabucoko Euskal Etxean parte hartzen du ia elkartearen sorreratik. Zuzendaritza Batzordeko kide izana da askotan, eta gaur egun euskara ikaslea da. Aita, Juan José Urbieta Elosu, Mutrikutik argentinaratu zen 14 urterekin; ama, Fernanda Uharte Jauregui, berriz, euskaldunen alaba zen. Euskal Herrira bidaia bat egina bazuen ere, arbasoen lurraldera egindako bigarren bisita hau "euskal munduarekin kontaktu ikusgarria izan zen, esperientzia ederra", dio. Martak nabarmendu du bidaia hauek Chacabucoko komunitatean duten eragina. Izan ere, itzulera bakoitza solasgai bihurtzen da, eta bidaiarien iruzkin laudagarriak herrian zabaltzen dira. “Euskal Etxea oso elkarte entzutetsua da, eta bidaia bakoitzak prestigio hori areagotzen du, eta hori, zalantzarik gabe, positiboa da oso gure Euskal Etxearentzat”, amaitzen du.



hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia