euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Madrilgo Euskal Etxeko dantzariek dantza egin zuten Valladolideko kaleetan, bertako Gure Txoko-ren Euskal Jaian

2025/10/24

Madrilgo dantzariak Valladolideko 2025eko Euskal Jaian
Madrilgo dantzariak Valladolideko 2025eko Euskal Jaian

PUBLIZITATEA

Valladolid, Espainia. Valladolideko Gure Txoko Euskal Etxeak urtero sasoi honetan ospatzen duen Euskal Jaia gauzatu du joan den igandean, urriaren 19an, euskal festa-molde tradizionalak protagonista nagusi izan dituen jardunaldian. Festak Euskal Herriko jai giroa ekarri zuen gaztelaetaleondar hiriburuko kaleetara eta aukera ederra izan zen Euskal Etxeko kide eta lagunen artean eta hirian bizi diren euskal kultura zaleen arteko loturak sendotzeko bidean.

Programa eguerdi t'erdian hasi zen, San Lorenzo Mártir Elizan egindako meza batekin eta haren ondoko dantza jardunekin. Meza ostean, kalejira edo dantzarien kabalkada moduko bat egin zen Plaza Nagusiraino. Izan ere, Gure Txokok gonbidaturik, Madrilgo Euskal Etxeko txistulariak eta erakunde bereko Sustrai Dantza Taldeko dantzariek hartu zuten parte, Plaza Nagusian dantza saioa eskainiz bertaratutakoei. “Biziki eskertzen diegu euren partaidetza bi txistulari eta hamaika dantzariei. Lan ederra egin zuten musika joz eta dantzatuz eta garrantzitsuena, bi EEon arteko harremana sendo estatuz”, adierazi diote Gure Txokoko iturriek EuskalKultura.eus-i.


Euskal Etxeko lagunen kalejira edo kabalkada Valladolideko kaleetan barrena

Jaiari ohiko euskal jarraipena emateko, lagunarteko bazkaria partekatu zuten bertakoek eta bisitariek, Euskal Etxearen egoitzan, bertako sukaldariek gogoz eta trebetasunez prestatua. “Guk geuk prestatutako euskal menua ez ezik, gustura konpartitu genuen laguntasun eta elkartasun une ederra, mahaiaren inguruan beti zubigile eta lokarri”, aitortu digute valladolidtarrek.

Datozen asteei begira, Valladolideko Gure Txokok, bere izenari ohore eginez, babarrun-jate bat iragarri du azaroaren 2an.  Eta azaroaren 7an, berriz, perretxikoei buruzko jardunaldi kulturala. Azaroaren 15ean, Euskal Etxeak bidaia antolatu du Madrilera, bisita itzultzeko euskal etxe madildarrekoei. Hitzordu gehiago etorriko dira, azaroan bertan, abisatu ahala  jakinaraziko direnak. Esan dezagun, dena den, finkatu direla urte amaierakoak, eta Olentzeroren jaiak baduela data Valladolideko Euskal Etxean: abenduaren 20an izango da, haur eta helduen pozgarri.

- Valladolideko Euskal Etxea Facebook-en, Gure Txoko Valladolid



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia