Madril, Espainia. Madrilgo Euskal Etxeko 'Katalina Eleizegi' antzerki taldeko lagunak joan den asteko arteartean bildu ziren EEan 2025-26ko ikasturteari hasiera emateko. Maria Gainzarain zuzendari, aktore amateurrek bi proiektu nagusitan egingo dute lan datozen hilabeteetan: batetik, aktoreak bakarrizketa bana hasiko dira prestatzen, taldeak Euskal Etxeko ‘Sukaldean’ antolatuko duen lagunen arteko afari batean ‘era informalean’ aurkezteko.
Bestetik, ‘Desmontando a Garbiñe’ (‘Garbiñe desmuntatzen’) jarraituko dute entseatzen. “Obra honetan, aktore talde bat Katalina Eleizegi teatrogilearen ‘Garbiñe’ ari da entseatzen, Katalina Eleizegi bera lagun”, azaltzen dio Maria Gainzarainek EuskalKultura.eus-i. “Katalina Eleizegi antzerkigile donostiarra 1889an jaio eta 1963an zendu zen eta bere antzerki lanak oso ezagunak izan ziren XX. mendearen. ‘Garbiñe’ri dagokionez, XIII. mendean gertatutako amodiozko istorio bat da”.
Katalina Eleizegi eta bere antzerkilanaren eskuizkribua
“Katalina Eleizegiri –jarraitzen du Gainzarainek– bere dramaturgian, denbora bidaiak egitea gustatzen zitzaion. Horregatik geure ‘Desmontando a Garbiñe’ hiru garai ezberdinetan kokatzen da: Erdi Aroan, XIX. mendearen amaieran eta gaur egunean, XXI. mendearen hasieran, kultura elkarte bat Eleizegiren obra babesten saiatzen denean. Testua gaztelaniaz eta euskaraz dago eta oso pozik gaude horrekin” nabarmentzen digu Gainzarainek.
‘Desmontando a Garbiñe’ aurtengo Eguberri aldean nahi dute estreinatu, Euskal Etxeko aretoan. Gogora dezagun 'Katalina Eleizegi' Antzerki Taldea, taldea sortu aurretik tauletan eskarmendu gutxiko edo gabeko euskal etxeko lagunek osatu zutela eta tailer moduan funtzionatzen duela, “muntaiak egiten ditugula ikastea helburu”, diosku bere arduradunak. Iaz ‘La Koadrilla’ eta ‘Mikro blues. Escenas cotidianas’ antzezlanak taularatu zituzten.