euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Concordia eta Posadas ostean, Corpus Christin da gaur Sara Pagola, bira Salton (Uruguai) bukatzeko urriaren 10ean

2025/10/01

Sara Pagola eta 'Euskal Jatorri' EEko lehendakari Fernando Ocampo Etorena, Ramón Madariaga doktorearen plaka desestatzen Posadasen
Sara Pagola eta 'Euskal Jatorri' EEko lehendakari Fernando Ocampo Etorena, Ramón Madariaga doktorearen plaka desestatzen Posadasen

PUBLIZITATEA

Buenos Aires, Argentina. Sara Pagola Argentina-Mercosur-eko Euskadiren ordezkariak bisita-bira bat darama egunotan Argentina ipar-ekialdera eta Uruguaiko Saltora. Programaren baitan, irailaren 26tik 30era Concordia (Corrientes probintzia) eta Posadas (Misiones probintzia) hirietara iritsi eta bertako agintariekin eta euskal komunitateekin bildu zen, euskal ordezkaria udal eta, harrera gisa, probintzia interesekoa izendatu zuten bisita.

Concordian “Euskadi XXI. mendeko erronken aurrean" izenburuko hitzaldia eskaini zuen Ibaiko Izarra Euskal Etxean. Eta eguna EEko egoitzan bertako bazkide eta lagunekin afalduz bukatu aurretik, Gernikako Arbolaren haritz kimu bat landatzeko zeremonian hartu zuen parte EEko agintariekin batera, eguraldiak batere lagundu ez bazuen ere, aldaketa batzuk eraginez. “Oso ekitaldi hunkigarria izan zen; Concordian dagoen euskal presentziaren isla”, Ordezkaritzak ohar batez plazaratu zuenez.


Concordiako Ibaiko Izarra Euskal Etxeko kideak Sara Pagolarekin

Birako bigarren geltokiak Posadas hiriraino eraman zuen Euskadiren ordezkaria eta bertan Ramón Madariaga euskal jatorrizko mediku zenari Euskal Etxeak eta Udalak egindako omenaldian hartu zuen parte Pagolak. Bizkaiko Plentzian jaiotako Ramón Madariaga medikua Posadas-en hil zen 1911n, osasun publikoaren aldeko lan eskerga eginez eta egun ere segitzen du erreferente izaten eskualdean. Utzitako legatuko parte da gaur egun bere izena daraman Misiones Probintziako Ospitale Publikoaren fundazioa.

Bisitako programa barnean, Pagolak Euskal Jatorri Euskal Etxeko kideek antolatutako euskal diasporari buruzko hitzaldi bat eman zuen zuen eta Lucas Romero Spinelli gobernadoreordearekin bildu zen. Horrekin batera, urtero Euskal Herriko 'Global Training' programako bekadunak jasotzen dituen Misionesko Unibertsitate Nazionaleraino heldu zen. Goi mailako ikasketen zentroan, Sergio Katogui errektoreordeak eta Gisela Montiel Nazioarteko Harremanen zuzendariak egin zioten harrera.


Sara Pagola Posadasko Euskal Jatorri Euskal Etxeko kideekin mahaia partekatzen

Hurrengo urratsak Misiones probintziako bigarren euskal etxera darama Sara Pagola, gaur bertan iritsiko baita Corpus Christi herrira. Bertan Corpus Christiko Eusko Etxea elkarteko lagunek egingo diote harrera eta hitzaldia programatu diote Euskal Herriari buruz, Institutu Teknikoko Turismon, ikastetxe honetako ikasleen aurrean. Euskal funtzionarioa herriko Consejo Deliberante-ko ordezkariekin ere bilduko da.

Euskadiren Argentina eta Mercosurrerako ordezkariaren bira Uruguay ibaiaren beste aldean bukatuko da, Uruguaiko Salto herrian. Bisita bertan herriko euskal gizataldeari eta honen batasuna den Saltoko Euskaldunen Taldea-ra izango da, herri erdigunean. Ekintzen egitaraua fintzen ari dira eta azken detaileak adierazteke, Ordezkaritzatik jakinarazi zaio EuskalKultura.eus-i urriaren 9an eta 10ean garatuko dela Sara Pagolaren bisita Uruguai ipar-mendebaldeko herri honetara.

- Argentina-Mercosur-eko Euskadiren Ordezkaritza Instagramen



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia