Salto, Uruguai. Garrantzi handiko urratsa eman du Uruguaiko Saltoko Euskaldunen Taldeak Euskal Etxeak joan den ekainaren 22an bere polikiroldegiaren proiektua sendotze aldera, egitasmo horren barneko futbol zelaia inauguratu baitzuten, 'Baskos 33' eta Saltoko Peñarol Klub taldeen arteko partida batekin. Hemendik aurrera Senior Ligako partiden egoitza izango da Euskal Etxearen kiroldegia, eta berri hau futbolariek eta herri mailako futbol arloko zale eta agintariek ere ospatu dute..
Hotza gorabehera, oso nabaria egiten ari baita neguan sartu garela, lagun ugari bertaratu ziren futbol zelai berrira, tartean Nery Cardozo Saltoko Senior Ligako presidentea. Anfitrioiak zoriontzeaz gain esker beroak luzatu zikzion baita ere euskal gizatalde osoari, kiroldegia ligaren eskura jartzeagatik. Luis Zaldua Euskal Etxeko lehendakariak eskerrak eman zizkien bildutakoei irekitze partidan egoteagatik, eta euskal taldeko futbolariei zelaia egokitu eta prestatzen egindako lanagatik.
Luzerako proiektua
“2007tik daukagu lur eremu hau baina hobetze lanekin 2020an hasi ginen, pandemia garaian”, azaldu dio Zalduak EuskalKultura.eus-i. Futbol taldeko futbolariei berei zor zaie egokitze lana", esan nahi baita Julio Albarengue, Pedro Gustavo Bautista, Daniel Fagundez, Ruben Dario Azambuja, Andres Albarenguk, Jose Luis Fagundez, Tino Albarengue eta Zaldua berari, eurak hartu baitzuten bere gain lurra garbitzeko eta ateak eraiki eta jartzeko lanak.
“Oraindik baditugu gauzak hobetzeko baina oso pozik gaude lekua martxan dagoelako eta bai kirola egiteko bai lagunen artean ondo pasatzeko leku berria daikagulako”, adierazi du Zalduak. Partida hasi aurretik, isiltasun minutua egin zuten bildutakoek ekainaren 16an zendu zen Margarita Kemayd Roux-en omenean. Margarita Euskal Etxeko bazkidea eta eliteko igerilaria izan zen, oso pertsona ezaguna eta bera eta familia estimatuak oso Saltoaldean.
- Saltoko Euskaldunen Taldea Facebook-en, Grupo Vasco Salto