Bilbo, Bizkaia. Eusko Jaurlaritzaren Gaztemundu programak —Kanpoan den Euskal Komunitatearentzako Zuzendaritzak sortu eta kudeatua— Bizkaiko Dantzarien Biltzarrak (BDB) emango dituen sarietako bat jasoko du ostegun honetan, ekainaren 26an, Bilboko Euskalduna Jauregian egingo den "IX. Dantza Tradizionalaren Esker Onak" ekitaldian. Saria, programa duela ia hiru hamardaka sortu zenetik euskal kultura eta euskal dantza sustatzen egindako lanaren esker onez eman diote eta Ziortza Olano Astigarraga, Kanpoan den Euskal Komunitatearentzako zuzendariak eskuratuko du bertatik bertara.
Gogora dezagun Gaztemundu programa munduko euskal etxeetako gazteen bilgarri dela urtero (une honetan 15 lagunean dago ezarrita partaide xifra), Euskal Herriari buruzko ezagutza zuzena (Euskal Herrian egiten baita eta askok lehen bidaia dute bertara) uztartuz edizio bakoitzeko gai jakin bat lantzearekin; une honetan, errepikatzen diren lau gaiak dira gastronomia, kultura baliabide eta elkarteen kudeaketa, euskal musika eta instrumentuak, eta euskal dantza tradizionala. Egitarauak tartekatzen ditu bisitak eta Euskal Herria bertatik bertara ezagutzea eta urteko gai jakin horri buruzko saio, ikastaldi, hitzaldi eta entseguak. Helburua, programan ikasitakoa euren euskal etxeetara eraman eta transmititzea. 2025ko edizioan, adibidez, gaia euskal musika eta instrumentu tradizionalak izango da.
Gaztemundurekin batera, aurtengo "IX. Dantza Tradizionalaren Esker Onak" honakoak sarituko ditu:
- Dantza taldeetan, Erandioko Goi-Alde, Portugalekteko Lorabarri, Zallako Ibai Lorak, Zornotza-Bilboko Ibai Arte eta Sodupeko Gazte Barri, guztiak sei hamarkadatik gora ari direnak euren ekarria egiten
- Bilboko Udal Txistulari Taldea, emaitza handiko euren ibilbideagatik. Diásporan ere ibili dira eta eman dituzte kontzertuak
- José Manuel Irastorza, folkloreari eta dantzari eskainitako bizitza oso bat errekonozituz, Lanestosa
- Iurretako Mikel Deuna folklore taldea, hari zuzena duena Boiserekin eta bertako Oinkari bisitak trukatuz
- Joseba Altube (BDEko lehendakari ohia eta dantzari aditu eta engaiatua, baita Diasporaren ezagule ona ere, bisitatu baitu eta lankide izan baita, besteak beste hitzaldi eta ikastaldiak ematen Argentinan eta AEBn
- "Gazteen Dantza Topaketa" ekimena
- Donibane Lohizuneko "Begiraleak" taldea, Diasporaren lagun xaharra hau ere, aspaldiko harreman sakonean, Saint Pierre eta Mikeluneko euskaldunekin hasteko, baina ez bakarrik eurekin
Diasporari dagozkion iruzkinak guk gehitu ditugu, Euskal Herriaren eta bere diasporaren lokarri sakonaren adierazgarri direlakoan, azala apur bat aztertu (bere jatorriko zentzuan) eta berehala begibistatzen baitira... EuskalKultura.eus-eko historikoan begiratuta, jakina.