euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Madrilgo Euskal Etxeak 40 urte beteko ditu larunbat honetan eta ate ireki egun batera gonbidatuz ospatuko du

2022/09/28

Zorionak Madrilgo Euskal Etxeko lagunei euren elkartearen 40. urtebetetzean! Urteurreneko logoaren egilea; Iris García Meras
Zorionak Madrilgo Euskal Etxeko lagunei euren elkartearen 40. urtebetetzean! Urteurreneko logoaren egilea; Iris García Meras

PUBLIZITATEA

Madril, Espainia. 40 urte pasatu dira 1982ko urriaren 1ean Euskal Etxeak bere egoitza inauguratu zuenetik. Egun, elkarteak bizi-bizirik segitzen du, ekintza ugari egiten ditu urtean zehar eta sail andana bat biltzen du bere baitan. Eta bazkideei begira antolatu du urteurreneko jaia. “Pandemiaren ostean, barne dinamizazio festa bat behar genuen”, adierazi dio EuskalKultura.eus-i Zuzendaritza Batzordeko idazkari Maria Gainzarain gasteiztarrak, 40. urteurreneko antolaketa arduraduna ere badenak. Honela, datorren larunbatean, urriaren 1ean, bertaratzera gonbidatu dute, ate ireki egun batean parte hartzera, ardo bat partekatu, dantzatu, abestu edota aurtengo jardueren proposamenak ezagutzera.

Eguneko programa larunbat eguerdian hasiko da Euskal Etxe aurreko plazatxoan. 12:15etan pandero taldeak joko du, eta 12:30etan dantza taldeak eta txistu taldeak erromeria girotuko dute fandango eta arin-arinekin. Era berean, hala nahi dutenek Moni Recio dantza eta pandero taldeko zuzendariarengana, eta Nagore Agirre txistu taldekoarengana hurbildu ahal izango dute eta nahi adina galdera egin euren jarduera eta eskaintzez.

Ekitaldi solemnea: proiektua partekatzen

13etan, Pello Aranburu aretoan, Euskal Etxearen orain arteko 40 urte hauen atzerabegirakoa egingo dute ekitaldi zeremoniatsu batean, eta omenaldia egingo diete Zuzendaritza Batzordeko presidente ohiei eta Euskal Etxeko langileei. Ondoren, 40. urteurreneko argazki erakusketa inauguratuko dute. Bazkaltzera geratu nahi dutenentzat, catering bat egongo da 'sukalde'an, 12 euroren truke.

Arratsaldeko 5etan, egongelan, EEko euskaltegiko arduradunak ikasturte berria aurkeztuko du eta Dani Molinero euskaltegiko ikasleak galdera-erantzun joko interaktibo bat gidatuko du euskal kulturaz eta Euskal Etxearen historiaz. 6etan, berriz, Janire Ugalde irakasleak propio umeentzako euskaltegiak eskaintzen duen ikastaro ludikoa aurkeztuko du, liburutegian ipuin bat kontatuz. Araceli Valero liburuzainak, bere aldetik, liburutegiaren aurtengo plan eta ekimenen berri azalduko du.

Euskal pilota eta kirol lagunarteak

EEko taldeez gain, gonbidatu bereziak izango dituzte larunbateko jaian. Fernando Larumbe pilotari ohiak, 1978ko Espainiako pala motzeko txapeldunak, euskal pilotaren Madrilgo historiari buruz hitz egingo du 18:30etan Pello Aranburu aretoan. Eta Aitor Yagüe pilotari eta Madrilgo esku-pilota sustatzailea gaur egungo egoeraz mintzatuko da. Jardunaldiari amaiera emateko, Miren Edurne Ondiz Venezuelako euskal abeslariak bere sustraiei buruz hitz egingo du eta kantu batzuk interpretatuko ditu.

EEko aipatu sail eta taldeez gain, peñak ere partaide izango dira larunbatean, euren jarduerak ezagutu eta haiekin bat egin nahi dutenentzat. Realaren Peña sukaldean bilduko da 14:15etan, eta Jose Luis Gómez Muniain, Athletic Peñaren presidentea, haien aretoan egongo da 17etatik 20etara taldearen jardueren berri emateko, eta baita Gabonetako loteria eskaintzeko ere! Euskal Etxeko Orfeoiak, azkenik, entsegu ireki bat egingo du ostegunean, 20etan, eta larunbatean ere zenbait kantuz edertuko ditu EEko bazterrak.

Zorionak, zinez, Madrilgo Euskal Etxean gure kulturaren alde lan egiten duten eta lan egindako guztiei! Urte askotarako!

Madrilgo Euskal Etxea - Hogar Vasco de Madrid
Jovellanos 3 (Zarzuela Antzokiaren aurreko plazatxoan)
Tel: +34 91 531 45 93 / +34 628 675 072
Emaila: adm@eetxea.e.telefonica.net
Webgunea: www.euskaletxea-madrid.com
Facebook: www.facebook.com/madrilgoeuskaletxea
Twitter: https://twitter.com/euskaletxeamadr
Instagram: www.instagram.com/euskaletxea_madrid



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia